Rikardo Arregi XXVII. Kazetaritza Sariaren deialdia zabalik da

Rikardo Arregi XXVII. Kazetaritza Sariaren aurkezpena
Foto: IREKIA
Actualizado: viernes, 13 marzo 2015 13:45

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

   Rikardo Arregi XXVII. Kazetaritza Sarira lanak aurkezteko epea zabalik da jada, eta 2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean euskaraz argitaratutako kazetaritza lanak aurkez daitezke. Maiatzaren 12a izango da lanak aurkezteko azken eguna.

   Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Estibalitz Mujika Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako zinegotziak sarira lanak aurkezteko deia egin eta oinarriak aurkeztu dituzte ostiral honetan Donostian, prentsaurrekoan.

   Andoaingo Udalak antolatzen du urtero Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarekin eta babesarekin. Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da helburua. Aurkezpen ekitaldian Beñat Zamalloa ere izan da, iaz Rikardo Arregi Saria eskuratu zuen kazetaria.

   Aurkezpenean nabarmendu dutenez, 26 urteko ibilbidean, "euskal kazetaritzaren erreferente tinko" bihurtu da Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, eta egun euskarazko kazetari lanean sona handikoak diren hainbat sinadura ezagunek jasoa dute. "Euskararen normalizazioak ezinbestean behar dituen kalitatezko kazetaritza lanak, garaian garaiko beharrizanetara egokituak saritzen ditu. Aurten ere, dagoeneko 27. aldiz, bi ataletan banatuko dira sariak", azaldu dute.

   Zehazki, Rikardo Arregi XXVII. Kazetaritza Sariak 9.000 euro emango ditu. 2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek daukate saria eskuratzeko aukera. Edozein mota edo generotako kazetaritza lanek dute saria eskuratzeko aukera.

   Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako. Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje sorta bat edo programa bat saritu ahal izango du epaimahaiak.

   Atal honetan derrigorrez aurkeztu beharko dira lanak, nahiz eta epaimahaiak lan horien artean behar adinako kalitatezkorik topatzen ez badu, beti izango du aukera proposamenak egiteko.

KAZETARI BERRIA

   Bestalde, Kazetari Berria sariak 3.000 euro banatuko ditu. Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da eta, ondorioz, 27 urtez azpikoek, hau da, 2015ean 27 urte edo gutxiago izango dituztenek parte har dezakete atal honetan. Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistetatik edota hedadura zabalagoko komunikabideetatik edozein izan daiteke 27 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko lana plazaratzeko erabilitako komunikabidea.

   Edozein mota edo generoko kazetaritza lanek dute saria eskuratzeko aukera. Horrela, bada, 2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio programa, magazin eta abarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria.

   Kazetari Berria atalean ere saria eskuratzeko nahitaezkoa izango da lanak aurkeztea. Izan ere, atal honetako saria aurkeztutakoen artean erabakiko baitu epaimahaiak.

   Epaimahaiak, hala ere, aipaturiko bi sari horiez gain, egoki eta beharrezko iritziz gero, Epaimahaiaren Sari Berezia eman liezaioke aipamen hori merezi lukeen lanen bati.

   Aurten ere epaimahaia kazetaritza arloko profesionalek osatuko dute: Allende Boutin, Idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deogracias izango dira epaimahaikide. Mahaiburu, berriz, Estibalitz Mujika Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako zinegotzia izango da. Ekainaren 27an emango da aditzera aurtengo sariei buruz epaimahaiak hartutako erabakia, Andoainen egingo den ekitaldian.