Royal Blood eta Brian Wilson, Bilbao BBK Live jaialdian

Brian Wilsonek "Pet Sounds" interpretatuko du
BILBAO BBK LIVE
Actualizado: jueves, 26 enero 2017 13:36

   BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Bilbao BBK Live jaialdiak uztailaren 6tik 8ra Kobetamendin izango diren talde gehiagoren izenak jakinarazten jarraitzen du, eta ostegun honetan Royal Blood, Brian Wilson (The Beach Boys), Explosions in The Sky, Joe Goddard, Aterciopelados, Los Punsetes, IDLES eta Zazkel iragarri ditu, Depeche Mode, The Killers, Die Antwoord, Phoenix eta Two Door Cinema Club moduko taldeei gehitzen zaizkienak.

   Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Royal Blood bikote ingeles bat da, Dave Grohl eta Jimmy Page moduko artistek goraipatu dutena. 2015ean ezagutzera eman zenetik "oihartzun handia" sortu du komunikabideetan, eta bere kontzertuetarako sarrerak agortu egiten dira. Brighton hiriko bikoteak "mendekotasuna sortzen duen energia handiko rock musika" egiten du, blues eta garage ukituekin, eta hori guztia gitarrarik gabe.

   Bestalde, Brian Wilson The Beach Boys talde mitikoaren sortzailea Kobetamendin izango da. Kaliforniarren "Pet Sounds" lana interpretatuko du, bere esanetan, "historiako rock and roll diskorik garrantzitsuena". Disko horrek "aurrea hartu zion garaiari" eta, hasieran arrakasta handirik izan ez zuen arren, azkenean "rock musikaren maisulantzat" jotzen da. Paul McCartneyk berak aitortu zuen "Pet Sounds" diskoak "Sgt. Peppers Lonely Hearts Club Band" konposatzeko inspiratu zuela.

   Halaber, Bilbao BBK Live jaialdian izango dira Explosions In The Sky, AEBetako post-rock instrumentaleko taldea; Joe Goddard ingelesa, aurki kaleratuko duen disko berriarekin; Aterciopelados kolonbiarrak, iazko "Reluciente, Rechinante y Aterciopelado" lanarekin; Los Punsetes indie talde espainiarra, martxoan argitaratuko duen "¡Viva!" diskoarekin; IDLES Bristol hiri ingeleseko boskotea, punk-glam eta post-punk nahasketarekin, eta Zazkel talde bilbotarra, Banden Lehiaren azken irabazlea.

   Azkenik, jaialdi bilbotarraren antolakuntzak gogoratu du datorren otsailaren 9an amaituko dela bonua 110 euroan (gehi gastuak) erosteko eskaintza. Jaialdiaren webgunean eskuratu daiteke: www.bilbaobbklive.com