Ruben Salvador, Jazz Bilbao Gau-Txori zikloko hurrengo emanaldiaren protagonista

Actualizado: jueves, 29 septiembre 2016 14:01

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Ruben Salvador tronpetista buru duen boskotea arituko da Bilbao 700 Fundazioaren Jazz Bilbao Gau-Txori programan ostiralean, irailaren 30ean, eta bi emanaldi eskainiko ditu NH Hesperia hotelean, 20:30ean eta 23:00etan. Salvadorrek berak (tronpeta), Julen Izarrak (saxo tenorra), Satxa Soriazuk (pianoa), Hilario Rodeirok (bateria) eta Javier Mayorrek (kontrabaxua) osatzen dute boskotea.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Ruben Salvador Euskal Herriko jazz eszenako musikaririk garrantzitsuenetakoa da eta bere ibilbidea nazioartean gauzatzen ari da. Goi mailako titulua dauka tronpeta klasikoan eta jazzeko tronpetan, eta Musikenen ikasi zuen Bob Sands, Iñaki Salvador eta Andreij Olejnizack irakasleekin.

Salvadorrek eta bere boskoteak R.S. Faktor proiektua aurkeztuko dute Jazz Bilbao Gau-Txori zikloan. Proiektuaren barruan dago "Starting" diskoa, kritika ugari eta onak izan zituena eta BBK Jazz sarietako Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuena.

Euskal tronpetistak hezkuntza lan garrantzitsua egiten du Donostia, Amurrio eta Zarauzko musika eskoletan eta Miranda de Ebroko Musika Kontserbatorioan. 40 disko baino gehiago grabatu ditu eta oraintsu argitaratu du "Akufeno", R.S. Faktor proiektuko bigarren diskoa.

Emanaldi honen ondoren, Jazz Bilbao Gau-Txori zikloak, FMA Trio (urriak 14), Jose Luis Canal Trio (urriak 28), Victor de Diego Trio (azaroak 4), Geronimo Martin Sexteto (azaroak 18), Abraham de Roman Sexteto (abenduak 2) eta Collado-Garcia-Benito Trio (abenduak 16) taldeen konztertuak eskainiko ditu urtea bukatu bitartean.