Russian Red taldeak "Fuerteventura" lana aurkeztuko du Bilbon eta Donostian

Russian Red edo Lourdes Hernandez
Foto: L. HERNÁNDEZ/VODAFONE
Actualizado: jueves, 26 enero 2012 12:42

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Russian Red taldeak "Fuerteventura" izenburuko bere azken diskoa aurkeztuko du zuzenean Bilboko Kafe Antzokian eta Donostiako Kursaaleko Ganbera aretoan, ostiralean eta larunbatean, hurrenez hurren. Bilboko kontzertua 22:00etan hasiko da eta sarrerak agortuta daude, eta Donostiakoa, aldiz, 20:00etatik aurrera izango da.

   "Fuerteventura" Russian Red izenaren atzean dagoen Lourdes Hernandezen bigarren lana da. Tony Doogan-ek ekoitzi, grabatu eta nahastu du Glasgown, eta Greg Calbi-k masterizatu New Yorkeko Sterling Sound estudioan). Calbik, besteak beste, John Lennonen "Walls and Bridges", David Bowieren "Young Americans" eta Bruce Springsteenen "Born To Run" klasikoak masterizatu ditu eta, hala, "Fuerteventura" diskoak, "leiho berri eta harrigarri bat zabaltzen dio Russian Reden musika gintzari", Kursaal Fundaziotik adierazi dutenez.

   "I Hate You But I Love You" da diskoaren lehen singlea, eta bertan jasotzen diren 11 abestiek abeslariaren "arima-mundu pertsonalak islatzen dituzte, malenkoniatik erabateko bizitasunera, argitasunetik enigmara". "Disko honek Russian Redek musikagile gisa duen maila berresten du, eta orobat berresten ditu haren inspirazioa, indarra eta adorea, ez baitio arriskuari bizkarra ematen, eta bere obra propioaren interpretatzaile gisa dihardu", azaldu dute.

   Bere lehen diskoan nortasun eta etorkizun oparoak zituen egile-abeslari gisa agertu bazen, "Fuerteventura" diskoan, alderdi hori areagotzeaz gainera, Russian Red taldeak beste bat gehitzen du: abeslari gisa duen kalitatea. "Russian Redek estilo propio bikain bat sortu du, sotila, delikatua, tesitura altuetan gozotasunik handienaz hegan egiteko gaitasunarekin, bikaina ñabarduretan, harrigarria biraketetan eta beti adierazkorra", nabarmendu dute Kursaal Fundazioko arduradunek.

   "Ez da 'soinua aldatuko dut' erabakitzea. Bilakaera natural bat da, musika lantzen eman ditudan hiru urteotan ikasi dudan guztia agertzen dena", dio Lourdes Hernandezek berak. "Abesti asko itzulian nintzela konposatu nituen. Horrexegatik hain zuzen ere, oso une desberdinak bizi nituelako, arima-aldarte desberdinak ageri dituzte", gaineratu du.

TABERNETATIK ANTZOKI HANDIETARA

   Russian Red, abeslaria eta konpositorea, espainiar panorama independenteko artista adierazgarrienetako bat bihurtu da azken urteotan. Madrilgo taberna txikietan abestuz hasi zen, eta handik segituan heldu da mundu osoko antzoki eta agertokietara.

   Lehenengo diskoaren -"I Love Your Glasses"- 40.000 aletik gora saldu ziren, eta urrezko diskoa izatera heldu zen. Kolonbia, Venezuela, Argentina, AEB, Mexiko, Costa Rica eta Belgikan abestu du, besteak beste. 2008ko apirila eta 2009ko abendua artean, Russian Redek 200 kontzertu baino gehiago eskaini zituen, haietako batzuk Espainiako eta Europako jaialdi nagusietan (Donostiako Heineken Jazzaldia, FIB, Primavera Sound, Eurosonic eta abar).

   Hori guztia dela-eta, Russian Red espainiar panoramako ustekabeko artista bihurtu da. Arraska horren lekuko dira jaso dituen sariak: Pop Eye 2008ko Ezusteko Diskoa eta 2009ko Emakume Ahots Onenarena eta 2009an Espainiako Musikaren Sarirako hiru izendapenak.

   Aldi berean, Russian Reden musikaren berezko xarma dela medio, bere abestiak publizitate-kanpaina handietan azaltzen dira, eta baita telesailetan edota zineman ere; hala, Julio Medemen "Habitación en Roma" filmeko "Loving Strangers" abestia 2011 Goya Sarietako Lehen Abestirako izendatu zuten. 2010ean, Russian Redek, Elvis Presleyrekin bikote birtual bat osatuz, "Love Me Tender" abestu zuen "Viva Elvis" diskoaren espainiar edizio berezian.