Salman Rushdie eta Slovaj Zizek idazleek inauguratuko dute bihar Gutun Zuria IV. Letren Nazioarteko Jaialdia Bilbon

Salman Rushdie
EP
Actualizado: miércoles, 6 abril 2011 17:58

BILBO, 6 Abr. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbaok Gutun Zuria Letren Nazioarteko jaialdia antolatu du bihartik igandera bitartean, nobedade garrantzitsuekin. Topaketak "irakurtzeak eta pentsatzeak eragiten duten plazerra transmititu nahi du". Salman Rushdie eta Slovaj Zizek idazleak izango dira jaialdia inauguratzeko arduradunak.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, aurten, Gutun Zuria jaialdiak bertan parte hartzera animatu nahi du jendea, "Egin ezazu nahi duzuna, ezer egiten ez duzun bitartean. Hamarkada bati buruzko gogoetak" goiburupean. Izenburu iradokitzailea da, zentsurari, autozentsurari, erotismoari, pornografiari, politikari, antiutopiei eta utopiei buruzko gogoeta egiteko. "Azken batean, gizarte garaikidean askatasunaren espazio indibiduala zein den planteatzeko", adierazi dute.

Salman Rushdie idazle indiarra eta Slovaj Zizek filosofo esloveniarra izango dira jaialdia inauguratuko duten egileak. Biek hitzaldi bana eskainiko dute bihar. Hurrengo egunetan, Catherine Millet idazle frantsesaren eta Antonio Altarriba eta Javier Cercasen txanda izango da.

Gainera, aurten, lehenengo aldiz, jaialdiak atal berria izango du, hemendik aurrera urtero egingo dena. Edizio bakoitzean, literatura bati egingo zaio gonbidapena, hala egile ezagunak nola berriak ezagutzeko eta horietan sakontzeko. Aurten, gonbidatua literatura errusiar garaikidea izango da, gure inguruan oso gutxi ezagutzen dena.

Belaunaldi desberdinetako egileen parte-hartzearekin, letra errusiarren panoraman elkarrekin bizi diren era ugariak islatuko dira; absurduaren eta umorearen herentzia, memoria historikoaren berreskurapena, belaunaldi berriek herentzia sobietarretik ihes egiteko duten beharrizana, utopien aurkakoen ugaritzea, eleberri beltza bezalako generoen sorrera, prosa dokumentalaren tradizioan emakumezko idazleen nagusitasuna, gaur egungo gerra-gatazken literatur kontakizuna eta abar.

AlhondigaBilbaok idazle hasiberriei lagundu nahi die, eta, horren haritik, Gutun Zurian Vladimir Makanin edo Alexei Varlamoven mailako egileak izateaz gain, ospetsu bihurtzen hasi diren egileak ere izango dira, idazleen belaunaldi berrien laguntzeko helburuarekin.

Ahalik eta herritarren parte-hartze handiena lortzeko asmoz, aurten, Gutun Zuria jaialdiak 'storytelling' delako jarduera proposatuko du igandean, eguerdiko 12:30etan.

"Errealitateak fikzioa gainditzen duenean" izenburupean, gonbit egingo die hala nahi duten pertsona guztiei, AlhondigaBilbaoko atarian elkartu eta, gutxi gorabehera bost minutuan, bakoitzak bizi izan dituen benetako istorioak kontatzeko. "Istorio horiek harrigarriak izan behar dira, hain harrigarriak, ezen asmatutakoen antza izan beharko dutela", adierazi dute.