San Andres eta Sortzez Garbiaren Azoka ospatuko da abenduaren 4an Gordexolan (Bizkaia)

Gordexola jendez beteko abenduaren 4an
GORDEXOLAKO UDALA
Actualizado: jueves, 24 noviembre 2011 12:50

BILBO, 24 Nov. (EUROPA PRESS) -

San Andres eta Sortzez Garbiaren XXI. Azoka izango da Gordexolan (Bizkaia) abenduaren 4an, eta hainbat jarduera izango dira goiz osoan.

Enkarterri eskualdeko nekazaritza eta abeltzaintza azoka honen barruan, Herriko Abere Lehiaketaren 21. edizioa, Gordexolako Arraza Frisiarraren X. Lurralde Mailako Lehiaketa eta Enkarterriko XVII. Asto Lehiaketa egingo dira.

Gordexolako Udalak jakinarazi duenez, astoez eta frisiar arrazako abereez gain, abelgorriak, zaldi-azienda eta ardiazienda

ikusteko aukera izango da azokan. Era berean, hegazti arrotzen erakusketa izango da. Baserriko produktuak ere erakutsi eta salduko dira.

Guztira, 70 saltoki inguru egongo dira, eta haietan, besteak beste, hestebeteak, gozokiak, marmeladak, eztia, baserriko ogia eta gozogintzako produktuak, ortuariak, gazta, patea, zainzuriak eta piperrak, sagardoa, txakolina, patxarana, zintzarriak eta uhaleriak izango dira. Edari saltokiak ere egongo dira, hamaiketako ederra egin nahi dutenentzat. Nekazaritza makinariaren erakusketa ere izango da.

Udal pilotalekuan berriz, Artisautza Azokaren 21. edizioa egingo da. Atal horretan 60 saltoki inguru egongo dira, eta larrua, paper tindatua, egurrezko kutxak, kobrea, zilarrezko bitxiak, fantasiazko bitxiak, makramea, ehoziri lanak, burdin lanak, egurrezko jostailuak, lore lehorrak eta prentsatutako loreak, Enkarterriko lapikoak, harrizko eguzki-erlojuak eta baserriko aulkiak erakutsiko dituzte.

Euskal Herriko eta Enkarterriko produktuak ezagutaraztea xede duen azoka 9:00etan hasiko da eta udaletxearen, Molinar plazaren, Beraskola pilotalekuaren eta Juan Antonio Garay plaza berriaren inguruetara hedatuko da. Azokara etortzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen bada ere, Gordexolako Udalak zenbait aparkaleku egokitu ditu Zubieten, igerilekuen inguruan eta La Llana de Ibarra eta Ibaiondo urbanizazioetan.

Azoka egunaren bezperan, abenduaren 3an, Udalak asto probak (19:00etatik aurrera) eta idi-probak (20:00etatik aurrera) antolatu ditu, giroa berotzen hasteko.