San Frantziskoko (AEB) hondakinen alorreko arduraduna Gipuzkoan izango da datorren astean

Actualizado: viernes, 19 septiembre 2014 17:17

DONOSTIA, 19 Sep. (EUROPA PRESS) -

Jack Macy San Frantzisko hiri estatubatuarreko Ingurumen departamentuko hondakinen alorreko arduraduna Gipuzkoan izango da datorren astean, bertako esperientzia ezagutzera eta haien esperientziaren berri ematera. Astelehenean, irailaren 22an, iritsiko da, eta bi egun pasatuko ditu gure artean, Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez.

San Frantzisko Kalifornian dago, 800.000 biztanle inguru ditu, eta 1990eko hamarkadatik Zero Zabor egitasmo sendoa du: gaur egun, hondakinen %80 birziklatzen dute. Jack Macyk ondo ezagutzen du San Frantziskoko sistema, eta eskarmentu handia du hura ezagutarazten.

Macy Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin elkartuko da astelehen goizean, hondakinen alorreko Gipuzkoako egoera eta egitasmoak ezagutzeko. Arratsaldean, Hernanira eta Orendainera joango da, bi herriotako bilketa sistemak ezagutzera eta alkateekin ere elkartuko da. Asteartean, irailaren 23an, goizean, Gipuzkoako mankomunitateetako eta udaletako ordezkariekin bilera egin du Foru Aldundiaren jauregian.

Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, "Gipuzkoan beste leku batzuetako esperientzia arrakastatsuetatik ikasi nahi dugu, eta zalantzarik gabe, San Frantziskokoak emaitza bikainak ditu. Izan ere, hautsi egiten du hirigune handiek birziklatze tasa alturik lortu ezin duteneko uste okerra".

Halaber, Macy Gipuzkoako esperientzia ezagutzera ere etorri dela nabarmendu du Errazkinek. "Behin baino gehiagotan esan dugu gure lurraldea erreferentzia bihurtzen ari dela hondakinen eremuan: kanpora gonbidatzen gaituzte, eta kanpotik ere jendea etortzen da gure berri ematera. Arrazoia garbia da: gauzak txukun egiten ari gara, norabide onean goaz, eta oso emaitza onak lortzen ari gara epe laburrean", azaldu du.