Sare elektriko adimenduna 2015ean hasiko dira Gipuzkoan hedatzen Jaurlaritza eta Iberdrola

Actualizado: lunes, 22 diciembre 2014 13:51
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak -Energiaren Euskal Erakundearen bitartez- eta Iberdrolak Euskadiko hainbat hirigune sare elektriko adimendunez hornitzeko duten ekimena -Bidelek Sareak- 2015ean hasiko da hedatzen Gipuzkoako hainbat herritan, herri horietako sare elektriko konbentzionalak sare adimendun bihurtzeko.

   Hedapen hori pixkanaka gauzatuko da. Otsailean Donostian hasiko da eta abendura arte jarraituko du Orion, Aian, Zarautzen, Getarian, Zumaian, Zestoan, Aizarnazabalen eta Pasai Antxon. Lanetako batzuk kontsumitzaileen kontagailu elektrikoak gailu berri adimendunekin ordezkatzea eta transformazio zentroak modernizatzea izango dira.

   Helburua da 2015ean guztira 80.000 kontagailu ordezkatzea eta 500 transformazio zentro modernizatzea. Ekipamendu horiek lurralde osoko 237.000 biztanle baino gehiagori ematen diete zerbitzua eta prozesuak hiri kontzentrazio handiak eta landaguneak hartuko ditu eraginpean.

   Sare elektriko adimendunen ezaugarria da osatzen dituzten elementuen -kontagailu, transformazio zentro eta azpiestazio elektrikoen- artean komunikazioak txertatuta dituzten energia elektrikoa banatzeko sareak direla.

   Gaur egun gure hirietan dauden ohiko sareekiko hobekuntza teknologikoa dakarte, komunikazio sistema teknologiko aurreratuak biltzen dituztelako eta kontsumoei, sareko kargei eta sarean gertatzen diren gorabeherei buruzko informazio zehatza eta zehaztua denbora errealean izatea ahalbidetzen dutelako.

   Horrek gero eta konplexuagoa den sare elektrikoa hobeto kudeatzea ahalbidetzen du; izan ere, sare elektrikoak gero eta kontsumitzaile eta erabilera mota (garraio elektrikoa eta abar) gehiagori eman behar dio zerbitzua eta produkzio banatuko hainbat instalazio txikiren (adibidez, instalazio berriztagarri txikiak) produkzioa ere bildu behar du.

   Hobekuntza teknologiko honi esker, energiaren erabilera optimiza daiteke, galerak gutxitu daitezke eta gorabeherei, matxurei eta zerbitzu mozketei erantzuna emateko behar den denbora murriztu, hots, kudeaketa eraginkorragoa eta zerbitzu hobeagoa izatea ahalbidetzen da. Gainera, urrutiko zerbitzuak ematea errazten du, esaterako neurketa ekipoak irakurtzea, kontratuen altak eta bajak egitea edo kontratatutako potentzia aldatzea.

   Teknologia honen beste alderdi aipagarrietako bat kontsumitzaileek eskura dezaketen informazioa da, kontsumoak denbora errealean kudeatzeko aukera eskaintzen baitu, eta horrek, aldi berean, energia aurreztea eta efizientzia bultzatzen baititu, hain zuzen, kontsumitzaileak energia erabilerari buruzko informazio gehiago izaten duelako.

BIDELEK SAREAK

   Bidelek Sareak proiektuaren bitartez Euskadin sare adimendunak hedatzeko prozesua 2012an hasi zen Bilbon eta Portugaleten (Bizkai). Bi udalerri horietan jadanik 230.000 kontagailu adimendun instalatu dira kontagailu konbentzionalak ordezkatuta eta 1.100 transformazio zentro egokitu dira abangoardiako teknologiarekin.

   Era berean, Lea-Artibaiko eskualdean azpiestazioen berritzearen bitartez automatizazio plan aurreratu bat jarri da martxan. Ekipo horiek zerbitzua ematen dieten 410.000 biztanleren instalazioak hobetzea ahalbidetuko dute lan horiek guztiek.

   Bidelek sare adimendunak ezartzeari buruzko Europako eta Estatuko araudiak betetzeko sortu zen, eta kontagailuak modernizatzeko eta, aldi berean, sare osoa modernizatzeko aukera izan da, sistema guztiei teknologia aurreratuena aplikatuz.

   Gainera, egokitzapen hau industriaren trakzio elementu bihurtzen ari da, teknologia hori euskal enpresak ari direlako eskaintzen, eta, beraz, sektore teknologiko honentzat hazteko aukera da, "bai eta munduko lider teknologiko gisa kokatzeko palanka ezin hobea ere". Azken batean, Bidelek Sareak proiektuari emandako bultzadarekin, Euskadi Europako eskualde aurreratuenetakoa izan dadin lortu nahi da, sare adimendunen azpiegiturei dagokienez. Bidelek Sareak proiektu osoarentzat aurreikusitako inbertsioa 60,5 milioi euro da.

   Euskadiko sare elektriko adimendunak hedatzeko proiektuan biltzen diren garapenen barruan www.bidelek.com webgunea sortu da; horren bidez sare adimendunen eta Bideleken aurrerabidearen inguruko informazioa eman nahi da eta, aldi berean, kontsumitzaileei zuzendutako bi komunikazio bide sozializatu, hain zuzen ere, kontsumitzaileek beren kontsumoak zenbatekoak diren eta zein unetan egiten dituzten zehaztasunez jakiteko helburuarekin, eta informazio horri esker beren kontsumoa optimizatzeko neurriak har ditzaten.