Sartreren "Begirada" euskaratu dute, lehen aldiz

Sartreren "Begirada"
JAKIN
Actualizado: martes, 17 octubre 2017 11:57

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

Juanmari Agirreurreta filologo eta Filosofian doktoreak euskarara ekarri du, lehen aldiz, Jean-Paul Sartreren "Begirada", eta obraren esanguragatik argitaratzea erabaki du Jakin Irakurgaiak sailak. Sartreren "L'Être et le Néant" tratatu filosofikoaren funtsezko atala da "Begirada" kapitulua.

Jakin Irakurgaiak sailaren helburua pentsamenduaren dibulgazioa egitea da, oinarrizko testu eta irakurgaiak euskaraz eskainiz, eta, ildo horretan, Sartre da filosofiaren autore nabarmenetako bat. Gainera, irudiz ere berrituta dator sailaren 48. zenbakia, eta, aurrerantzean, Ainara Lasaren diseinuarekin argitaratuko dira saileko liburuak.

Jakin Fundazioak jakinarazi duenez, "L'Être et le Néant" (Izatea eta Ezereza) tratatu filosofikoaren kapitulu luzea da "Begirada". 1943an argitaratu zuen Sartrek izatearen inguruko teoria bat osatu nahi zuelako, Agirreurretaren iritziz. Bi bloke ditu: izatearen inguruko teoriak osatzen du lehen blokea, eta askatasunaren teoriak bigarrena.

Bi blokeen arteko giltzarria da "Begirada". "Obraren aparatu kontzeptual osoa biltzen du kapitulu honek, eta bestetasuna nitasunera datorreneko fenomeno bezala aurkezten du begirada askatasunarekin lotzeko", azaldu du euskarazko bertsioaren egileak, Donostian egindako aurkezpenean.

Sartreren lan literario nahiz filosofikoetan etengabekoak dira "Begirada" kapituluarekiko erreferentziak. Autorearen askatasun aldarritzat hartu izan da tratatua, eta bere oinarrizko obra filosofikotzat jotzen da. Agirreuretaren ustez, horregatik da "funtsezkoa" kapitulua, obraren oinarrizko kontzeptuak aurkeztu eta lantzen dituelako.

Juanmari Agirreurretak berriki osatu duen tesirako aztertu du "Begirada" kapitulua, eta lan horren baitan euskaratu du. Aurretik, Victor Hugoren "Kondenatu baten azken egunak" (Elkar, 2010) eta Tomas Tranströmer poeta suediarraren lanak euskaratu ditu "Bizientzat eta Hilentzat liburuan" (Elkar, 2016; Jokin Zaitegi saria). Hau du, ordea, filosofia itzultzen duen aurreneko aldia, eta hori ere "erronka handia" izan dela dio. Honekin batera, gainera, hitzaurrea idatzi du Agirreurretak Sartreren atala kokatzeko.