Saskibaloiko Munduko Kopa Bizkaian jokatuko duten hiru selekzioren ordezkariek Bilbo eta BEC bisitatu dituzte

Selekzioetako ordezkariak Bilbao Arenan
Foto: Europa Press
Actualizado: martes, 4 febrero 2014 17:45

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   FIBA 2014 Saskibaloiko Munduko Kopan Bilbo-Bizkaiko egoitzan jokatuko duten AEB, Turkia eta Finlandia selekzioetako ordezkariek, FIBAko teknikariekin batera, Bilbo eta BEC bisitatu dituzte astearte honetan, astelehenean Bartzelonan egindako zozketaren ostean.

   Bertaratu direnen artean izan dira Jim Tooley eta Sean Ford (USA Basketball), Barbaros Akkas (Turkia), Mika Makela (Finlandia) eta Jose Montero FIBA 2014ko Egoitza eta Jardueren zuzendaria. Zeelanda Berria, Ukraina eta Dominikar Errepublikako ordezkaritzek hiria bisitatuko dute datozen hilabeteetan, instalazioak bertatik bertara ezagutzeko.

   Goizean, Andoni Aldekoa Bilboko Udaleko alkatearen kabineteko zuzendari ordezkariak eta Kepa Olabarrieta Bilbao Convention Bureauko zuzendariak hiria aurkeztu diete ordezkaritzei, Bilbao Arena pabiloian eginiko lansaioan. Taldeetako ordezkariek eginiko galderei erantzun ostean, aldagelak, gimnasioak eta pabiloiko beste gune batzuk bisitatu dituzte. Bilbao Arena entrenamendu pista modura erabiliko da txapelketan.

   Bazkaldu ostean, ordezkaritzek Melia Hotela eta Domine Hotela bisitatu dituzte, Bilbon. Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaria eta Gabino Martinez de Arenaza Bizkaiko Foru Aldundiko Turismorako eta Kanpo Sustapenerako zuzendaria ere izan dira bisitetan.

   Amaitzeko, BECeko Bizkaia Arena pabiloiko instalazioak ikusi dituzte, han jokatuko baitira FIBA 2014 Saskibaloiko Munduko Kopako aurreko faseko partidak, abuztuaren 30etik irailaren 4ra bitartean. Guztira 15 partida jokatuko dira, bost egunetan banatuta.