Segurtasun dispositibo bateratua abiatu dute Leioako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak San Joan jaietarako

Publicado: lunes, 18 junio 2018 16:50

BILBO, 18 Jun. (EUROPA PRESS) -

Leioako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun dispositibo bateratu bat jarri dute abian Bizkaiko herriko San Joan jaietan, ekainaren 15etik 25era bitartean, gorabeherei aurre hartu ahal izateko eta pertsona guztiek jaiez gozatu ahal izatea bermatzeko. Agente kopurua gehituko du jaietan, eta polizia patruilak ibiliko dira jai barrutian zein inguruetan, baita Leioako metro geltokian ere, istiluei eta erasoei aurre hartzeko.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, agenteek alkohola saltzen duten lokalak ere zainduko dituzte, adingabeei alkoholdun edariak saltzea eragozteko, eta aparteko lana egingo dute substantzia sorgorgarrien kontsumoaren eta trafikoaren prebentzioan eta zigorrak ezarriko dituzte. Hori dela eta, dispositiboan prebentziozko alkoholemia eta droga kontrolak egingo dituzte alkoholdun edo drogen eraginpean daudenek errepideetan zirkulatzea eragozteko.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jaietan parte hartuko duten guztiei ohartarazi diete kontuz ibiltzeko diru zorroekin eta bestelako objektuekin, lapurretan aritzen diren delitugileak ugaritu egingo direla eta jaietan eta bereziki kontzertuetan jende asko ibiliko dela aprobetxatuz.

Era berean, arreta berezia jarriko da jaiak gozatzea eta gainerako pertsonek atseden hartzeko duten eskubidea bateratzeko eta Leioako Alkatetzaren dekretuan aurreikusitako ordutegiak betearazteko.