Serrats kontserba enpresak jasoko du Bermeoko XXI. Arrain Azokako Hegaluze saria

Serrats enpresaren erakustokia iazko Arrain Azokan
Foto: SERRATS
Actualizado: martes, 12 mayo 2015 13:09

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Serrats kontserba enpresak 125 urte betetzen ditu aurten, eta Bermeoko XXI. Arrain Azokak Hegaluze saria emango dio datorren ostiralean, maiatzaren 15ean. Epaimahaiak adierazi duenez, XIX. Hegaluze saria emanez, "Serrats enpresaren lana eta ibilbidea aitortu nahi da, hau baita Arrain Azokaren helburuetako bat, Bermeoko kontserba industriaren ahaleginak aitortu eta goraipatu, hain zuzen ere".

   Horrez gain, Arrain Azokako elkarteko kideek osatzen duten epaimahaiak Serrats enpresak Bermeoren alde egindako apustua ere baloratu du. Kontserba enpresak 1980. urtean Bermeon lehen fabrika sortu zuen portutik 100 metrora eta orain Landabaso industrialdeko 3B lursailan kokatzen da, enpresaren buru Serrats familiako bosgarren belaunaldia izanik. "Argi gelditzen da Bermeo leku erakargarria izan dela eta horrela jarraitzen duela kontserba lantegientzat eta arrantza munduko enpresentzat", azpimarratu du.

   Epaimahaiak Bermeon urteetan kalitate bikaineko produktuak egiten dituzten kontserba enpresak daudela gogorarazi du, eta aurten, Serratsi, 125 urte beteta, Hegaluze sariarekin "bere ibilbidea eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna" aitortu nahi izan zaio.

   Serrats enpresak izan duen esportazio grinaren ondorioz, gainera, Bermeoko produktuak leku askotan zabaldu ditu, "horrela Bermeoko herriaren izena zabalduz kalitatezko produktuekin".

   "Arrain Azoka elkartearentzat pozgarria da Bermeoko Arrain Azokaren barne herriko enpresak aintzatestea, hau delako Arrain Azokaren helburuetariko bat, gure enpresen ahaleginak eta ondo egindako lana aitortzea eta jakinaraztea", adierazi du.

   Hegaluze sariarekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. Hegaluze saria Itsuki Irratiak antolatzen du, Arrain Azoka Elkartearen babesarekin.

   Serrats enpresak ostiralean jasoko du Hegaluze saria Nestor Basterretxea aretoan, 12:30ean. Ordu erdi geroago, 13:00etan, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldi ofiziala izango da Lameran. XXI. Arrain Azokako 20 erakustokiak ostiral goizeko 11:00etan irekiko dira eta hiru egunetan zehar kontserbak dastatu eta erosteko, jai giroaz gozatzeko eta programa zabal batekin disfrutatzeko aukera egongo da Bermeon.