Sestao, Barakaldo eta Trapagarango esparruko delitu tasa %4,38 murriztu zen 2016an

Bileraren irudia
ERTZAINTZA
Actualizado: viernes, 24 febrero 2017 14:21

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Sestaoko ertzain etxearen erantzukizuneko esparrua osatzen duten Sestaoko, Barakaldoko eta Trapagarango batez besteko delitu tasa %4,38 murriztu zen 2016. urtean, Barakaldoko udaletxean egindako bileran jakitera eman dutenez.

Bilera horretan izan dira hiru udalerrietako alkateak eta udaltzaingoetako buruak, eta Sestakoko ertzain etxeko agintariak, Ertzaintzaren Bizkaiko lurraldeko burua barne. Etorkizunera begira elkarrekin garatu beharreko estrategiak koordinatu dituzte, inguru horretako herritarren segurtasunak hurrengo urteetan ere bilakaera positiboa izan dezan.

Horrela, Sestaoko ertzain etxearen barrutia osatzen duten hiru udalerriotako delitu tasa, batez beste, %4,38 murriztu zen 2016an. Udalerrien arabera, Trapagaranen %21,48 murriztu zen, eta Barakaldon %4,45; Sestaon aitzitik, %7,72 igo zen. Azken bost urteetako joerari erreparatuz, barrutiaren osotasunerako delitu kopuruaren joera positiboa ikusten da: delinkuentzia %16,60 jaitsi da eskualdean, Barakaldon %8,66, Sestaon %39,94 eta Trapagaranen %20,44.

2016ko beherakada orokorra izan da ia delitu modalitate guztietan, batez ere gizarte alarma handiena sortzen dutenetan: ez da giza hilketarik izan -bigarren urtez jarraian-, sexu askatasunaren kontrako delituak %26,92 jaitsi dira eta ondarearen kontrako delituek %3,78 egin dute behera; aitzitik, lesioen delituak %10,03 igo dira.

Bestalde, bileran aipatu dute Ertzaintzak eta udaltzaingoek droga trafikoarekin lotzen diren delituen kontrako lana areagotuko zutela 2016an, besteak beste, eta, hartara, joan den urtean 72 ustezko trafikatzaile jarri zituztela epaileen esku.