Sestaori buruzko lehen euskarazko liburua argitaratu dute

"Sestaoko Toponimia" Liburuaren Aurkezpena
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: martes, 24 enero 2017 18:21

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Jorge Luis Tejedor ikerlariak "Sestaoko toponimia" liburua aurkeztu du astearte honetan. Sestaoko Udalaren eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin plazaratu den "Izenak" bildumako liburuan Sestao herri zahar berriaren bilakaera historikoaren ezagutzarako "ekarpen preziatua" egiten du Tejedorrek. Gainera, "Sestaori buruzko lehen euskarazko liburua" dela gogoratu dute herriko liburutegian egin den prentsaurrekoan.

Liburuaren aurkezpenean izan dira Josu Bergara Sestaoko alkatea, Adolfo Arejita euskaltzaina, Jorge Luis Tejedor ikertzailea eta liburuaren egilea eta Luis Alonso kazetaria.

Adolfo Arejita euskaltzainak aurkezpenean azaldu duenez, liburuak "urre gorria balio du, Sestaoren historia txiki baina inportante bat biltzen duelako, toponimiaren eskutik ezagutu daitekeena".

Jorge Luis Tejedor sestaoarrak ondu du lana, zeinak bospasei urteko ikerketa erakusten duen. Egilearen esanetan, ez da soilik toponimiako liburu bat: "Toponimia eta historiaren artean dagoen erlazio estua erakusten du; honela, herri arruntaren bizimodua islatzen da bertan, inguru eta naturarekiko izenak agertzen baitira barra-barra".

Halaber, Josu Bergara Sestaoko alkateak liburuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du. Tejedorrek "lan kementsua eta konplikatua" egin duela nabarmendu du, eta Sestaoko Udalak "ahal izan duen neurrian" lagundu diola. "Ikusten da goitik behera aztertu duela herria, gora eta behera ibili dela, datuak bildu eta kontrastatzen. Baina liburu hau euskaraz aurkeztea poz bikoitza da guretzat, sestaotarrontzat. Honela, balio bikoitza duela esango nuke. Orain, herrian zabaldu eta ezagutaraztea geratzen zaigu, liburuari bultzada bat ematea Udaletxetik", gaineratu du alkateak.

Tejedorrek gogoratu du sei mende hartzen dituela liburuko ikerketak, eta datuak aztertzerakoan kontu bitxiak aurkitu dituela. "Sestao 400 biztanleko kontzeju txiki bat zen 1870ean, hau da, herri erabat rurala. Zazpi urte beranduago, 4.300 biztanle zituen. Horrek zer ekarri zuen? Goitik beherako aldaketa suposatu zuen herrian, berregituratze bat, betirako aldatu baitzen Sestao", azaldu du.