Shirin Ebadi 2003ko Bakearen Nobel saridunak Genero Berdintasunari buruzko Bilboko Biltzarrean parte hartuko du

Shirin Ebadi
GENEROBERDINTASUNA.COM
Actualizado: jueves, 3 febrero 2011 13:25

BILBO, 3 Feb. (EUROPA PRESS) -

Shirin Ebadik hitzaldi bat emango du otsailaren 11n Bilboko Euskalduna Jauregian, Genero Berdintasunari buruzko Biltzarrean. Iranen epaile izendatu duten lehen emakumea da Ebadi, eta 2003an Bakearen Nobel Saria eman zioten. Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta BBK-k antolatu dute biltzarra.

"Genero berdintasuna eraikiz" izenburupean, biltzarraren ardatz nagusietako bat erakundeen arteko lotura izango da, ospe handiko txostengileen parte-hartzearekin gizartea berdintasun osora eramaten lagundu nahi duen topaketa bat abiarazteko.

Shirin Ebadi da jardunaldian parte hartuko duten aditu ugarien artean gehitu den azkena. Topaketan, berritasun gisa, herritarrek genero berdintasunari buruz proposatutako gaiak aztertuko dira. Herritarrek www.generoberdintasuna.com webgunearen bidez eta erakunde antolatzaileek gaitutako Facebook eta Twiter gizarte-sareen bidez egingo dituzte proposamenak.

Ebadi emakumeen eta haurren giza eskubideen bortxaketaren arloan dago espezializatuta. Iranen jaio zen, 1947an. Abokatua da, eta giza eskubideen eta demokraziaren aldeko ekintzailea. Horrez gain, Bakearen Nobel Saria jaso duen lehen emakume musulmana da (2003).

Biltzarraren inaugurazio-ekitaldian emango du hitzaldia, otsailaren 11n, eta, besteak beste, Carlos Lomas berdintasun arloko adituak ere parte hartuko du. Aurreko egunean, 'world cafe' bat egingo da Euskaldun Jauregian ere. Ekimen horretan, Bizkaiko arlo sozioekonomikoko enpresa eta erakunde nagusiek parte hartuko dute; izan ere, modu desinteresatuan eskaini dute beren burua herritarrek inkesta anonimo baten bitartez aukeratutako gaiei erantzuna emateko. Webgune honetan dago inkesta hori: www.generoberdintasuna.com.

'World cafe' horretan dagoeneko hauen parte-hartzea dago baieztatuta: Bizkaiko Kazetarien Elkartea, EHU, BBK, EiTB, BM30, EIKEN, BizkaiKO publizitate-agentziak, CEBEK, Cadena SER, Bizkaiko Gurasoen Elkartea, Ararteko, Inguralde, Eroski, Bizkaiko bikario nagusia, Ekonomilarien Euskal Elkargoa, APD, Iberdrola, Mutualia, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Ikerbasque, Innobasque, Caritas, Orkestra, Club Financiero de Bilbao, Gizonduz, ARHOE, UGT, Carlos III.a Unibertsitatea.

Guztiak saiatuko dira identifikatzen zein bideri jarraitu behar zaien Bizkaian emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzeko, hedabideetan, gizartean, enpresan, ekonomian, lanen bateragarritasunean eta arduren banaketan. Hurrengo egunean, jendearentzat irekita egongo den inaugurazio-jardunaldian, ekimen horren ondorioen berri emango da.