Sindikatuek "Justizia pribatizatzeko asmoa" salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte ostegunean EAEn

Actualizado: miércoles, 20 marzo 2013 18:29

BILBO, 20 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Administrazioan ordezkaritza duten sindikatu guztiek (CC.OO., ELA, LAB, CSIF, CGT eta UGT) mobilizatzera deitu dituzte langileak ostegun honetan, martxoaren 21ean, "Justizia pribatizatzeko asmoa" salatzeko.

"Gaur egun, Erregistro Zibila Lege Aurreproiektu baten mehatxupean dago, eta mehatxupean diogu, esku pribatuetan uztea ekar dezakeelako, eta horrek, orain arte izan ez den kostu ekonomiko bat sor lezakeelako erabiltzaileentzat, berrordainketa alegia. Hori gutxi balitz, herritarren datuak interes pribatuen eskuetan gera daitezke", salatu dute sindikatuok.

Hori dela eta, auzian erantzukizuna duten Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari "berehala neurriak hartzea" exijituko diete Justizia Administrazioko langileek ostegun honetan, barruti judizial buruetako erregistro zibilen aurrean, 11:30etik 12:00etara.

Zehazki, Araban, Gasteizen eta Amurrion izango dira protesta bilkurak; Bizkaian, Bilbo, Durango, Gernika, Getxo, Balmaseda eta Barakaldon; eta Gipuzkoan, Donostia, Tolosa, Eibar, Irun eta Azpeitian.