Soraluce enpresak sei milioi euro inbertituko ditu Alemaniako ordezkaritza zabaltzeko

Soraluce zabaltzen ari da Alemanian
MONDRAGON
Actualizado: viernes, 21 octubre 2011 14:10

BILBO, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Soraluce fresatzeko eta mandrinatzeko makinen diseinuan eta fabrikazioan espezialista den enpresak sei milioi euro inbertituko ditu Limburgen, Alemanian duen Bimatec-Soraluce ordezkaritza zabaltzen, herrialdean duen presentzia indartzeko, instalazioak handitzeko eta bere irudia munduan proiektatzeko, herrialdean izaten ari den arrakastaren bitartez. Soraluce Danobatgroupeko kidea da, Mondragon Korporazioko Makina-Erremintaren Sailaren barruan.

Mondragon Korporazioko iturriek jakinarazi dutenez, Alemaniako egoitzak gaur egun 1.300 metro koadroko 'show-room' bat dauka, eta 2012ko ekainean beste 2.500 metro koadrorekin handituko da. 'Show-room'-aren zabalkundeaz gain, bere jarduerak sustatzeko helburuarekin, gaur egun administrazio zerbitzuak eta bezeroentzako euskarriak (giltza eskura erako proiektuak, salmenta ondoko zerbitzua, prestakuntza eta abar) hartzen dituzten bulegoak ere zabaldu egingo dira, beste 1.900 metro koadrorekin.

Alta, aldaketaren ezaugarri nabarmenena esparru berriaren edukiera izango da, garabirako altuerak hamar metroko garaiera hartuko baitu. Horri esker, enpresa gipuzkoarrak bide bertikaleko zortzi metrorainoko makinak ere aurkeztu ahal izango ditu merkatu alemanean.

Soralucek orain dela 20 urtetik dauka presentzia Alemanian, eta bertatik kudeatzen da bezeroekiko harremana, kontuen kudeaketa, instalazio eta salmenta ondoko zerbitzua eta gainerakoak. Urte horietako guztietako lanaren emaitza gisa 800 makina baino gehiago ditu instalatuta erreferentziazko bezeroen etxeetan.

Horrenbestez, 2008aren amaieran ordezkaritza zabaltzeko lanetan hasi zen, merkatu horretan duen lidergoa mantentzeko eta handitzeko helburuarekin eta, are gehiago, gainerako esportazio merkatuetan.

Enpresa gipuzkoarraren zuzendari gerentea den Rafael Idigorasek adierazi duenez, "Alemaniak mundu mailan testuinguru ekonomiko, politiko, teknologiko eta industriakoan gaur egun duen garrantzia funtsezkoa da". Izan ere, goi mailako teknologiako makina-erremintaren ekoizpenean eta kontsumoan erreferentziazko herrialdea da.

Obren hasiera bat etorri da Hannoverren irailaren 19tik 24ra egin zen Makina-Erremintaren EMO Azokarekin, eta aurreikusita dago instalazioak 2012ko ekainean inauguratzea. Hain zuzen, urte horretan ospatuko da Soraluceren 50. urteurrena, eta horretarako hainbat ekitaldi prestatzen ari dira dagoeneko.