SOS Deiak 112 larrialdietako telefono zenbakiak 1.200.000 dei jaso eta 180.000 gertakari artatu zituen 2010ean

Itsasoko larrialdi bat artatzen
EUSKO JAURLARITZAKO HERRIZAINGO SAILA
Actualizado: viernes, 11 febrero 2011 14:00

DONOSTIA, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari atxikitako SOS Deiak zerbitzuaren 112 telefono zenbakiak 1.200.000 dei baino gehiago jaso zituen 2010ean eta 180.000 gertakari artatu zituen, 2009an baino %0,6 gehiago. Jazoera ohikoenak zirkulazioarekin eta bide-segurtasunarekin eta larrialdi medikoekin lotutakoak izan ziren.

Gaur 112 telefono zenbakiaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta Donostian eskaini duen prentsaurrekoan eman dira jakitera SOS Deiak zerbitzuak iaz jasotako datuak. Raul Fernandez de Arroiabe Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuordea eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako zuzendaria izan dira prentsaurrekoan.

Joan den urtean artatutako 180.000 gertakarietatik, %31 zirkulazioarekin eta bide-segurtasunarekin lotuta egon ziren, %16 larrialdi medikuekin, %15 pertsonen istripuekin, beste %15 herritarren segurtasunarekin eta %6 suteekin, salbamenduekin eta erreskateekin.

SOS Deiak zerbitzuak, 112 telefonora egindako deiak artatzeko eta kudeatzeko arduradunak, egindako lan handia azpimarratu du Raul Fernandez de Arroiabe Herrizaingo sailburuordeak. Izan ere, bere esanetan, "profesional hauek dira, denbora errekor batean, telefonora deitzen duten pertsonekin hitz egiten duten lehenak, zer eta non gertatu den aztertzen dutenak, eta benetako laguntza beharrizanak zeintzuk diren balioztatzen dutenak, gertatutakoaren berri koordinatzaileei eta beharrezko agentziei jakinarazi aurretik".

"112 telefono zenbakia -azpimarratu du- gure salbamendu-zenbakia da, existitzen diren herritarrentzako zerbitzuetatik demokratikoena eta unibertsalena, izan ere, jazo daitekeen edozein gertakariri erantzun berehalakoena eta eraginkorrena ematen dio, inor baztertu gabe".

112 zenbakia 1998ko martxoan jarri zen martxan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 088 zenbakiaren ordez, Espainiako Gobernuak bere arautegian sartu zuenean larrialdietarako telefono komun bat ezartzeko Europar Batasunak hartutako erabakia.

NAZIOARTEKO EGUNA

112 larrialdietako telefono zenbakiaren Nazioarteko Eguna otsailaren 11n ospatzen da Europar Batasunean. Egun hau ospatzearen helburu nagusia herritarrei 112 telefono zenbakia Europar Batasuneko kide diren herrialde guztietan erabilgarria dela eta telefono-kabinetatik, telefono finkoetatik eta sakeleko telefonoetatik dei daitekeela gogoraraztea da.

Halere, Larrialdietako zenbaki hau herritarrek gogoratzen duten lehena izan arren, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi egindako inkesten arabera, herritarren %6k besterik ez daki zerbitzu hori Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari atxikita dagoela. Gainera, herritarren %76ak ez daki 112 zenbakia Europa guztian erabili daitekeela; beraz, ez luke jakingo zein telefonotara deitu beharko lukeen Parisen istripuren bat izanez gero edo ezbeharren baten lekuko izanez gero, adibidez.

Beraz, Eusko Jaurlaritzako arduradunen arabera, arazo hau konpontzeko, "beharrezkoa da iritzi publikoari argi eta garbi helaraztea 112 zenbakia Europar Batasun guztian ezarrita egonda, espazio komunean turismoa dela-eta edo negozioak direla-eta mugitzen diren milioika lagunek ez dituztela telefono zenbaki ugari gogoratu behar larrialdi zerbitzuren bat behar izanez gero".