SOS Deiak zerbitzuaren larrialdietako aplikazioak 9.300 deskarga izan ditu apiriletik ekainera

Publicado: jueves, 19 julio 2018 18:29

BILBO, 19 Jul. (EURPOPA PRESS) -

SOS Deiak zerbitzuak martxan jarritako gailu mugikorretarako larrialdietako aplikazio irisgarriak 9.302 deskarga izan ditu apiriletik ekainera bitartean. Aldi horretan 261 abisu jaso dira, eta horietatik 58k jarduera errealak eragin dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Bildutako datuen arabera, aplikazioaren bidez bideratutako 261 abisuetatik 218tan datuak bidali ziren eta 43 hitzez egin ziren. Erabiltzaileen sexuari dagokionez, 6.126 gizonezkoak izan ziren (%66), eta 3.047 emakumezkoak (%33).

Dispositibo mugikorra doakoa da, eta 112 telefonoaren operadoreekin botoia sakatuta bakarrik komunikatzeko aukera ematen du. Aktibatuta badago, deia hasten den une berean GPS seinalea bidaltzen du, eta horri esker balio handikoa da bereziki trafiko istripuetan, mendiko bilaketa lanetan eta abarretan, lokalizazio zehatza beste zailtasun bat gehiago izaten den kasuetan, alegia. Era berean, orientatzeko zailtasunak dituzten adinekoak aurkitzea ere errazten du.

Gainera, aplikazioari esker, komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonak 112 zenbakiarekin komunikatu ahal izaten dira grafikoen bidez eta 112-SOS Deiak operazio pantailan zuzenean ikus daitekeen txat baten bidez, erabiltzaileak gertaerari buruz egoki irizten duen informazioa eman ahal izan dezan.

Modu honetan, app irisgarriaren bidez entzumen edo mintzamen zailtasunak dituzten pertsonak nahiz behar duten pertsona guztiak 112-SOS Deiak Koordinazio Zentroarekin komunikatu ahal izaten dira, eta larrialdi batzuk pertsonalizatu ere egiten dira. Erabiltzaileek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dute sarbidea.

Larrialdietako 112ren aplikazio berria deskargatzen dutenek, nahi izanez gero, GPS sistemaren bitartez lokalizatzeko aukera aktibatu dezakete, eta datu medikoak ere eman (alergiak, gaixotasun kronikoak, hartutako botikak, eta abar), eta hori lagungarria izango da osasun arazoren bat duten erabiltzaileen arreta hobetzeko. Gainera, aplikazioak konfiantzazko pertsona batekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia gehitzeko aukera ere ematen du.