SPRIk atzerrian dituen bulego komertzialak enpresen zerbitzura egongo dira gaurtik asteazkenera EAEko hiru hiriburuetan

Actualizado: lunes, 13 junio 2011 13:10

BILBO, 13 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko SPRI sozietatearen atzerriko bulego komertzialetako arduradunak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izango dira gaurtik asteazkenera, ekainaren 13tik 15era, nazioartean zabaldu nahi duten euskal enpresen zerbitzura jartzeko eta SPRIk nazioartekotzearen arloan eskaintzen ditun laguntzak ezagutzera emateko.

Horrela, SPRIk bilerak antolatuko ditu Bilbo, Donostia eta Gasteizen aldez aurreko hitzordua eskatu duten enpresekin. Hala, 13 bulego komertzial iraunkorretako (Argentina, Kuba, Txile, Brasil, Turkia, India, Txina, Polonia, Errusia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Estatu Batuak eta Mexiko) arduradunekin elkarrizketatuko dira atzerrian ezarpenak egin nahi dituzten edo negozioak gure mugetatik kanpo hedatzeko zerbitzuak ezagutu nahi dituzten enpresak.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 200 enpresari inguru biltzea espero du eta enpresari horiei era askotako informazioa helaraziko zaie: jomuga merkatuetako informazio eta azterketak; atzerrian ezarpen komertzialak edo produktiboak egiteko laguntzak; aldi baterako kokalekua negozio zentroetan; prospekzio bidaia indibidualizatuen antolakuntza; tramiteak egiteko edo tokiko autoritate eta administrazioekin harremanetan jartzeko laguntza eta finantzaketarako laguntzak.