SPRIk jardunaldi bat egingo du asteazkenean enpresei "interneten harreman publikoak egiten" laguntzeko

Actualizado: lunes, 25 febrero 2013 12:02

GASTEIZ, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

SPRI Eusko Jaurlaritzako Garapen Agentziak "Harreman publikoak interneten, nola identifikatu eta tratatu interesatzen zaizkigun pertsonak" izeneko jardunaldia antolatu du Enpresa Digitala ekimenaren bidez. Jardunaldiaren bitartez profesionalei eta enpresei lagundu nahi zaie sare sozialetan identifika dezaten zein izan daitekeen interesgarria interneten beren negozioa bultzatzeko.

Topaketa asteazken honetan izango da, eta interneteko harreman publikoen mapa diseinatzeko gida bat izango da, esperientzian eta kasu errealetan oinarritutako jarraibideez osaturik egongo dena, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jakinarazi duenez.

Antolatzaileen arabera, jardunaldia lagungarria izan daiteke sare sozialetan sartzea erabaki duten eta pertsona egokiekin harremanetan nola jarri ez dakiten enpresentzat; ez soilik bezeroekin, baizik eta batez ere beren sektoreko iritzi liderrekin, ez baitira berdinak izaten sarean eta saretik kanpo.

Jardunaldian aztertuko da nola bilatu bezero potentzialak sare sozialetan eta ikusiko da zertan ari diren gure lehiakideak ingurune horretan, ekintza horiek negozioan laguntzen duten ala ez jakiteko asmoz.

VICTOR PUIG

Victor Puig, jardunaldia eskainiko duen sare sozialetako aditua, komunikazio interaktiboko eta on lineko ospearen arloko aholkularia da. 1996tik bere lan esperientziak lotura zuzena du internetekin, eta ardura gero eta handiagoak izan ditu negozio eredu desberdinetako enpresetan: argitaletxeen sektorean (Revista Web, La Vanguardia Publicaciones), atari generalistetan (Excite), e-commerce (BOL, Bertelsmann Online) eta multimedia atari bertikaletan (MTV, ParamountComedy, Nickelodeon), bilatzaileetako marketin agentzietan (Overalia).

Gainera, Espainian lineako marketinarekin lotutako hainbat forotan parte hartu du, hala nola FICOD, OME, E-CommRetail, Search Congress, Internet Kongresua, Mediterraneoko Internet Biltzarra, B-Web eta Campus Party.

Ekitaldia goizeko 9:30ean hasiko da, asteazkenean, otsailaren 27an, Miñaoko Teknologi Parkean, eta 13:30ean amaituko. Lau ardatzen inguruan egituratuko da: "Sare sozialen zein nahasketa erabili beharko nuke?"; "Zeintzuk dira sare sozialetan jarraitu behar ditudan argibideak?"; "Nola jakin dezaket nor den on lineko erreferentzia gai zehatz bati buruz?"; eta "Harreman publikoak blogekin: planifikatu ekintza bat".

Jarduera hau Araba Enpresa Digitala ekimenaren barruko hedapen ekintzetako bat da eta doakoa da aurretik izena ematen bada www.euskadinnova.net atarian. Enpresa Digitala ekimena 2002an sortu zen, hainbat jardueraren bidez ezagutzera emateko zeintzuk diren IKTek euskal enpresa sareari, batez ere, mikroETE eta autonomoei dakarzkieten abantailak. Zentro bana dauka Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako teknologia parkeetan eta beste bat Garaia Berrikuntza Gunean (Arrasate).

Enpresa Digitalaren helburu nagusia da euskal enpresa eta profesionalen digitalizazioa sustatzea eta bultzatzea hedapen, prestakuntza eta informazio jardueren bidez. Hala, 2012an Bizkaia Enpresa Digitala zentroak 59 jarduera antolatu ditu (1.483 parte-hartzaile), Garaia Enpresa Digitalak 39 ekintza (1.127), Araba Enpresa Digitalak 55 ekitaldi (1.157) eta Miramon Enpresa Digitalak, 63 jarduera (2.177).