Street Culture jaialdia ospatuko da Getxon ostiralean eta larunbatean

Street Culture jaialdia Getxon
GETXOKO UDALA
Actualizado: martes, 6 junio 2017 13:18

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Getxoko Algorta auzoko erdiguneko kaleak kirol jokaleku bihurtuko dira ostiralean eta larunbatean, ekainaren 9an eta 10ean, Getxo Kirolak erakundeak antolaturiko Street Culture jaialdiarekin. Erakusketak eta hainbat kiroletako klaseak izango dira jaialdiaren seigarren edizioan praktikatu ahal izango diren jardueretako batzuk. Jaialdiaren helburua da herritarrak hurbiltzea urtean zehar udal kiroldegietan antolatzen diren kirol jardueretara.

Antolatzaileek adierazi dutenez, egitaraua Biotz Alai eta Telletxe plazen artean egingo da. Horrela, ostiralean, 17:30ean, pertsona nagusiei zuzenduriko dantza saio batek hasiko du jaialdia, Biotz Alai plazan, eta 18:00etatik aurrera, Getxo Kirolak erakundeko dantza taldeen ikasturte amaierako erakusketak eskainiko dira.

Bestalde, larunbatean jarduerak Telletxen izango dira. Hain zuzen, 12:00etatik 14:00etara, tenis, slackline, boxeo, gimnasia erritmiko, errugbi, boleibol, irristaketa, herri kirol eta saskibaloia praktikatzeko kantxak instalatuko dira. Kirol gune horiek herriko klubek dinamizatuko dituzte eta irekita egongo dira hurbiltzen diren eta parte hartu nahi duten pertsona guztientzat. Larunbateko saioa dela eta, Telletxeko zatia, Geltoki plazaren parekoa, trafikoarentzat itxita egongo da 10:00etatik 14:30era.