Surf taulentzako haririk gabeko sentsore inertzialen prototipoak irabazi du Surf Boards Innovation Comp lehiaketa

Actualizado: miércoles, 1 octubre 2014 13:57
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Politeknikoko ikasleak diren Ruben Imbersek eta Pablo Cuencak aurkeztutako surf taulentzako haririk gabeko sentsore inertzialen prototipoa izan da Donostiako Sustapenak antolaturiko Surf Board Innovation Comp lehiaketaren irabazlea.

   Donostiako Sustapenak Surf City Donostia Surfaren Industriaren Klusterraren bitartez antolatu du lehiaketa, eta, alde batetik, EHU, Tecnun eta Mondragon Unibertsitatearen lankidetza izan du tutore akademiko gisa, eta, bestetik, Pukas eta MOOR enpresena, surfaren sektoreko enpresa munduko mentore moduan.

   Lehiaketaren helburua izan da unibertsitatearen berrikuntza enpresa mundura gerturatzea. Era horretan, surf taulen produkzio prozesuak eta errendimendua hobetu nahi izan dira, merkatura atera daitezkeen proiektuak sortzearekin batera.

   Donostiako Sustapenak surfa bezalako kirol profesionala kultura eta bizitzeko modu gisa finkatzearen aldeko apustua egin du, industria mugiarazteko eta negozio aukera berritzaileak sortzeko gakoa baita, eta horrela, lehiaketa apustu horren barruan kokatzen da.

   Mondragon Unibertsitatea, Tecnun eta EHUko 3. eta 4. mailako 80 ikaslek 47 ideia aurkeztu dituzte hiru kategoriatan: surf taulen osagarriak, produkzio prozesuak eta errendimenduaren hobekuntza. 30 memoria aurkeztu ondoren, hautapen batzordeak 11 proiektu hautatu ditu; proiektu horiek ikasleen lantaldeek garatu dituzte tutore akademikoen eta Pukas eta MOOR enpresen laguntzarekin. Hiru irabazleek 3.000 euroko beka bat jaso dute prototipoa garatzeko.

IRABAZLEAK

   Lehen saria EHUko Politeknikoko ikasleak diren Ruben Imbers eta Pablo Cuencak aurkeztutako prototipoak irabazi du. Hain zuzen ere, haririk gabeko sentsore inertzialak garatu dituzte surflariaren gorputzeko zati ezberdinen eta surf taularen mugimendua ezagutzeko, jarrerak zuzendu eta surflariaren teknika perfekzionatu ahal izate aldera. Prototipoa garatzen MOOR enpresak lagundu die.

   Bigarren saria Aitor Azpiroz EHUko Politeknikoko ikasleak lortu du, itsuak surfean ibiltzeko egindako prototipoarekin. Mikrokontrolagailua, aktuadoreak eta sentsoreak jarri dizkie taulei, eta eguzki energiarekin elikatu ditu. Taulak iparra, olatuen ibilbidea eta ulatuen gertutasuna markatzen ditu itsuentzat. Surflariaren abiadura monitorizatzeaz gain, oinkadak eta horien indarra taulan zehar kalkulatzeko aukera ematen du. Prototipoa Pukasen laguntzarekin garatu du.

   Azkenik, hirugarren saria Mondragon Unibertsitateko Ainhoa Las Heras, Jone Ruiz eta María García ikasleei eman zaie, grip giltzak gordetzekoaren prototipoaren truke. MOOR enpresaren lankidetza izan dute hori garatzeko.