Taberna bateko zerbitzaria atxilotu dute Getxon haxixa saltzeagatik

Actualizado: lunes, 24 enero 2011 14:45

BILBO, 24 Ene. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udaltzaingoak 28 urteko M.A. Portugaleteko auzokidea atxilotu du, zerbitzari gisa lan egiten zuen Areeta auzoko tabernan drogekin trafikatzea leporatuta. Establezimendu berberaren kontra Udaltzaingoa doan bigarren aldia da, eta itxi eta zigilatu egin dute epailearen erabakia ezagutu arte. Atxilotua egoera irregularrean dago eta ez du polizia-aurrekaririk, Getxoko Udaletik jakinarazi dutenez.

Urtarrilaren 21ean, taberna horretako zerbitzaria substantzia estupefazienteak (haxixa) saltzen ari zenaren susmoa edukita eta taberna zelatatzeko operazioa martxan jarri ondoren, udaltzainek taberna barruan une batez izan eta alde egin zuten bezero batzuk ikusi zituzten. Bisita horietako batean, gazte bat tabernan sartu zen eta edari bat hartu eta zerbitzariarekin zerbait trukatu ostean joan zen. Agenteek inguruan geldiarazi zuten eta 20 euroren truke haxix zati bat erosi zuela egiaztatu zuten.

Substantzia atzemanda, udaltzainak tabernan sartu ziren eta zerbitzariari jakinarazi zioten ikuskapen bat egingo zutela haxixaren trafiko delitua egiten ari zenaren susmoagatik. Horren ondorioz, zerbitzariari bi zati haxixa aurkitu zizkioten eta 25 bat gramoko pakete bat kafearen makinaren barruan. Era berean 462,70 euro ere atzeman zituzten. Agenteek zerbitzaria atxilotu zuten eta taberna itxi eta zigilarazi zuten epailearen erabakiaren zain.