Talde italiarrek joko dute bihar Bilbon, bertoko eta Italiako taldeen arteko truke programa baten ondorioz

Actualizado: jueves, 20 octubre 2011 14:34

BILBO, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, Torino eta Varese udal italiarretako gazteria-zerbitzuekin elkarlanean, musikari gazteen trukea sustatzeko programa bat du martxan, eta horren baitan, talde italiarren kontzertu bat izango da Bilborock aretoan bihar, urriaren 21ean.

Gazteria Zerbitzuak antolatutako Urrutirock programak 18 eta 30 urte bitarteko musikari gazteen zabalkundea egitea du xede, eta horren barruan dago Europako zenbait hiritako musika-taldeen arteko truke hau, Bilboko Udaleko iturriek adierazi dutenez.

Trukeei esker, euskal musikari gazteek aukera dute nazioarte-mailako musikaren mundua eta musika egiteko beste modu batzuk bertatik bertara ezagutzeko. Era berean, beren ingurutik urruti, beste herrialde batzuetako eszenatokiaren gainean esperientzia hartzen dute eta beren lana ezagutzera ematen dute bertokoak ez diren beste musika-zirkuitu eta komunikazio-kanal batzuetan.

Horrela bada, bihar, 20:00etan, Torinoko Udalak antolatutako Pagella Non Solo Rock lehiaketako irabazlea izandako Ronny Taylor taldeak eta Vareseko Udalak antolatutako Va Sul Palco lehiaketako finalista izandako Numa Sosa and The Gauchos taldeak kontzertua eskainiko dute Bilborock aretoan, Nafarroako Akatu taldearekin batera; nafarrek Bilbo Hiria Pop Rock lehiaketaren 21. edizioko Euskal Herriko talderik onenarentzako "Bilbo Hiria" saria irabazi zuten, hau da, CD bat grabatzea eta Bilborocken agerraldi bat.

Trukearen barruan hiru euskal taldek jo zuten Varesen, Cernobbion eta Torinon: maiatzaren 7an, Incursed talde bizkaitarrak gonbidatu gisa jo zuen Vareseko Va Sul Palco lehiaketan; uztailaren 24an, Quaoar talde bizkaitarrak Cernobbio hirian jo zuen hango Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako musikaldi batean; maiatzaren 13an, Yellow Big Machine talde bilbotarrak gonbidatu gisa jo zuen Pagella Non Solo Rock lehiaketako finalean eta maiatzaren 14an Torinoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Gazteen Sormeneko Jaialdian.