Talentuen heziketa proiektua finantzatzeko hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Aldundiak eta Real Unión-ek

Aldundiko eta Real Union-eko ordezkariak
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 18 junio 2018 17:01

DONOSTIA, 18 Jun. (EUROPA PRESS) -

Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Kiroletako diputatuak eta Ricardo Garcia Real Unión futbol taldeko presidenteak talentuen heziketa proiektua finantzatzeko hitzarmena sinatu dute. Horrela, foru erakundeak 150.000 euro jarriko ditu 2017-2018 denboraldiari aurre egiteko.

Aldundiari dagokio Gipuzkoako kirola garatzea eta sustatzea eta lurraldeko klubei laguntza ematea. Hori dela eta, Itxasok esan duenez, "Gipuzkoako futbolarekin zuzenean inplikaturik dauden eragileek historikoki aitortu dute Realak, bere historia, azpiegitura, jarraitzaile kopurua eta kirol ibilbidea direla-eta, baldintza ezin hobeak dituela Gipuzkoako futbolaren lidergoa betetzeko".

Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Real Sociedad Fundazioarekin, Gipuzkoako oinarrizko futbola garatzeko.

Itxasok eskertu egin du Real Unión egiten ari den "lan bikaina" eta Gipuzkoak kiroletan duen maila handia goraipatu du. "Arrakasta oinarrizko kiroletan hasten da. Prozesu horrek, bereziki, nahitaez behar ditu kategoria ez profesionaletako kirol sozietate anonimoen osagarria eta laguntza, lana egiten baitute talentuen prestatze prozesuaren", esan du.

Real Union taldearen kasua da hori. Izan ere, azken hamarkadetan lan bikaina egin du talentuak prestatzen, eta azken urteetan lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Realarekin, Gipuzkoako futbola hobetzeko eta teknifikatzeko eta txapelketa profesional nagusirako futbol jokalariak prestatzeko.