La Tarrancha taldeak hizkuntz aniztasuna aldarrikatzen duen "Mezillingües" diskoa aurkeztuko du Gernikan

La Tarrancha asturiarrak
Foto: GERNIKAKO UDALA
Actualizado: martes, 28 enero 2014 13:01

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   La Tarrancha taldeak hizkuntz aniztasuna aldarrikatzen duen "Mezillingües" lanaren zuzeneko aurkezpena egingo du Gernikako (Bizkai) Lizeo Antzokian datorren ostiralean, urtarrilaren 31n. Enbor bereko zazpi hizkuntza eta 19 kolaborazio biltzen dituen diskoa da ska-fusio taldeak aurkeztuko duena.

   Iberiar penintsulan egun existitzen diren asturiar-leonera, aragoiera, katalana, gaztelera, euskara, okzitaniera eta galaiko-portugalera eta beren aldaerak dira La Tarrancha talde asturiarrak "Mezillingües" diskoan bildu dituenak, Gernika-Lumoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

   Estilo nahasketa izanik taldearen ezaugarri nagusia -jamaikar estiloa, umorea eta panfletismotik urrun dagoen hausnarketa kritikoa-, La Cuenca'l Nalon eta Xixon taldeen partaideekin sortu zen La Tarrancha 2003. urtean. 2012an aurkeztu zuten "Mezigayuska" izeneko hirugarren diskoa, eta lan horri buelta bat eman eta berreraiki nahi izan dute oraingoan.

   Horretarako, beren berezko hizkuntza erabiltzen duten hainbat musikarik beraiekin bat egin dute, hala nola Ines Osinaga (Gose), Jesus Cifuentes (Celtas Cortos), Guillerme (Quempallou), Alide Sans okzitarra, Asturiesko rock talde askoren partaideak, Pica Tümilho, Tarna eta Gaire taldeak. Guztira 19 ahots bildu dira, helburu bakar batekin: hizkuntz errealitate ezberdinei argia ematea eta beren hizlarien eskubideak defendatzea.

   "Mezillingües" lanak "Mezigayuska" diskoko abestietatik haratago joan nahi du, eta horretarako "Ö-3-3" bigarren lanaren hiru bertsioak eta "De Tazones a Candás" asturiar tabernetako hainbat abestien bertsioa ere sartu dituzte.

   "Mezillingües" diskoaren lehenengo eszenaratzea urtarrilaren 31n izango da, Gernikako Lizeo Antzokian. Gainera, kolaboratzaile berezi bat izango da bertan, Gose taldeko Ines Osinagak "Bide okerretik"
("Pel mal camin" berreginda) abestuko baitu.