Telebista eta internet, informatzeko, prestakuntza lortzeko eta entretenitzeko baliabiderik gogokoenak Euskadin

Actualizado: jueves, 2 febrero 2012 17:01
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Telebista da oraindik Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarrek informatzeko eta entretenitzeko nahiago duten komunikabidea, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak egindako inkesta baten esku hartu duten pertsonen %83k baitio egunero ikusten dituela albistegiak, filmak edo telesailak. Komunikabide horren inguruko iritzia, ordea, negatiboa da, %53ren ustez programazioa "kalitate urrikoa" baita.

   Bestalde, internet da prestakuntza jasotzeko gehien erabiltzen den komunikabidea, eta informatzeko edo entretenitzeko bigarrena. Euskadin 850.000tik gora pertsona konektatzen dira egunero sarera (1,6 milioi konektatu dira noizbait azken urtebetean), eta horien erdia baino gehiago (%53) konektatzen dira sare sozial batera: gehien-gehienek Facebook (%83) eta Tuenti (%46) erabili dituzte. Internet eta sare sozialak komunikabideen kontsumoan eragiten ari diren testuinguru-aldaketaren adierazgarri argienetako bat da sarera konektatzen diren euskal herritarren %39 beste pertsona batzuekin harremanetan egoteko konektatzen direla.

   Victor Urrutia Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduradunak azaldu du datu horiek ikusirik ondorioztatzen dela belaunaldi desberdinek "oso modu desberdinean" kontsumitzen dituztela komunikabideak, komunikazioaren teknologien eta beren euskarrien ondorioz, eta, bereziki, interneten sorreraren ondorioz, "egungo kulturaren autopista" bilakatu baita.

   "Interneten ezarpena, euskarri informatiko berrien ugaritzea, ikus-entzunezko kulturaren hedapena eta belaunaldi berriek ikus-entzunezkoaren merkatura sartu direla dira egungo testuinguru berriaren ezaugarriak. Eta komunikazio sozialerako nahiz informazio politikorako komunikabideen egituran ez ezik, komunikabideen pertzepzioan ere du eragina", adierazi du.

   Internet ondoko jardueretarako erabiltzen da gehien: informazioa bilatu (erabiltzaileen %90ek egin dute azken 12 hilabeteetan), posta elektronikoko mezuak jaso edo bidali (%86), artxiboak deskargatu (%65), helburu jakinik gabe nabigatu (%57), egunkari digitalak irakurri (%56), sare sozialak erabili (%53), produktu edo zerbitzuak erosi (%45), bankuko gestioak egin (%38), telefono deiak egin (%20), txatetan edo eztabaida foroetan parte hartu (%14) eta norbere blog edo webgunea mantendu (%12).

IRRATIA ETA PRENTSA IDATZIA

   Azterlanaren datuen arabera, irratia eta prentsa idatzia garrantzia galtzen ari dira EAEko herritarrek informazioa edo entretenimendua kontsumitzeko dituzten joeren artean. Horrela, hamar herritarretik hiruk soilik dio egunero irakurtzen duela paperezko egunkari bat; egunkari digitalek, aldiz, kontrako joera dute sarean, 500.000 irakurle digital baitituzte, paperezko aleen 700.000 irakurleez gain.

   Bestalde, irratia EAEko herritarren %47k erabiltzen du, etxean, batik bat, eta informatzeko edo norbaiten konpainia sentitzeko erabiltzen dute.

   Datozen asteetan, komunikabideekin eta internetekin lotutako belaunaldi-aldaketa horretan sakontzeko Gazteen Euskal Behatokiarekin batera egin den beste azterketa bat amaituko da.

   Lagina, 15 urtetik gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 2.122 lagunek osatu dute, eta informazioa etxean egindako banakako elkarrizketen bidez jaso da. Lagin errorearen estimazioa %2,17 inguru da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako. Informazio bilketa 2011ko urriaren 3tik 10era bitartean egin zen.