Telefonica Basque Culinary Center Fundazioaren Patronatuan sartuko da, bazkide teknologiko gisa

Gilperez (ezkerrean) eta Aizega
BCC/TELEFONICA
Publicado: viernes, 22 septiembre 2017 17:32

DONOSTIA, 22 Sep. (EUROPA PRESS) -

Telefonica konpainiak eta Basque Culinary Center (BCC) Zientzia Gastronomikoen Fakultateak hitzarmen bat sinatu dute, eta, horren arabera, telekomunikazio konpainia Basque Culinary Center Fundazioaren Patronatuan sartuko da, bazkide teknologiko modura. Telefonicak BCCri lagunduko dio eraldaketa digitalean, eta euskarri teknologikoa emango dio, ikerketa eta prestakuntza gastronomikoan erakunde lider gisa indartzeko. Gainera, Ferran Adriak bi erakundeak aholkatuko ditu helburu zehatzak eta nabarmenak lortzeko.

Joxe Mari Aizega BCCko zuzendari nagusiak eta Luis Miguel Gilperez Telefonicako presidenteak sinatu dute ostiral honetan bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena.

Hitzarmenaren ondorioz, esparru gastronomikoak eta teknologikoak bat egingo dute, "bi erakunde liderren bitartez", bi esparruetan sinergiak eta lankidetza identifikatzeko eta indartzeko asmoz. BCCk, sektore gastronomiko guztia bezala, "iraultza digital geldiezin batean murgilduta dago", eta, aurrerantzean, Telefonicaren laguntza teknologikoa izango du, gastronomian eta elikaduran ikerketa eta berrikuntza zentro gisa indartzeko.

Bi erakundeek elkarrekin egingo duten lehen jarduera jatetxeei eta teknologiari buruzko biltzar bat izango da: garatzen ari diren aurrerapen teknologikoetan sakonduko da eta, aldi berean, etorkizuneko teknologia berriak aztertuko dira arretaz. Sinposioa aurtengo azken hiruhilekoan izango da, Donostian, eta bertan chefek, sektoreko adituek, ekintzaile teknologikoek eta jatetxe taldeetako enpresaburuek parte hartuko dute. Biltzarrak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izango du.

Bestalde, aukera berriak sortzea izango da bi erakundeek partekatuko duten beste helburu bat. Telefonicak ibilbide luzea du start-up enpresei laguntzen, hainbat programaren eta Espainian banatutako abiada hartzeko espazioen bidez; horri Basque Culinary Centerren esperientzia gehituko zaio, haren Culinary Action inkubagailuan, gastronomiaren munduan start-up enpresei laguntzen landutakoa.