Telemann eta Vivaldi izango dira larunbat honetako Miramongo Matineeko protagonistak

Actualizado: viernes, 18 febrero 2011 15:32

DONOSTIA, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Izai ganbera taldeak eskainiko du larunbat honetan Miramongo Matineen hurrengo kontzertua, eta Georg Philipp Telemann alemanaren eta Antonio Vivaldi italiarraren arteko ezberdintasunak asgertuko dituzte. Biak garaikideak baziren ere, musika-kontzepzioari dagokionez urrun zeuden bata bestearengandik.

Georg Philipp Telemann musikaren arloan oso pertsonaia nabarmena izan zen barroko alemanaren garaian. Bere ekoizpen ugariak musika-kontzepzio dotorea, fina eta garaiko gogoarekin bat egiten zuen soinu-tratamendua erakusten du.

Antonio Vivaldiren izaera, berriz, oso bestelakoa zen; bere musika-diskurtsoa zuzenagoa da erabat, oldartsuagoa, elektrikoagoa. "Apaiz gorriaren" ekoizpen eskergak garaiko Veneziaren errealitatearen ikuspegi ia piktorikoa eskaintzen du; birtuosismoa nabariagoa da, bizitasuna nabarmenagoa eta argia, aldiz, biziagoa.

Ohi bezala, kontzertua Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan izango da, Donostian, goizeko 11:00etatik aurrera. Sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es bidez eta kontzertuaren egunean 10:30etatik aurrera egoitzako leihatilan eros daitezke.

Gainera, doako autobus zerbitzua dago Matineetara joateko, 10:25ean Gipuzkoa Plazako 4 zenbakitik atera eta Antso Jakitunaren Etorbidea 18 eta Madrid Etorbidea 34an geldialdiak egiten dituelarik.