The Skatalites taldeak Jamaikako soinuak eramango ditu ostegunean Bilboko Kafe Antzokira

The Skatalites Bilbon aste honetan
BILBOKO KAFE ANTZOKIA
Actualizado: lunes, 31 octubre 2011 19:16

BILBO, 31 Oct. (EUROPA PRESS) -

The Skatalites taldeak kontzertua eskainiko du ostegun honetan, azaroaren 3an, Bilboko Kafe Antzokian, gaueko 21:30ean hasita, bere 47. urtemuga ospatzeko biraren baitan. Sarrerak 20 euroko prezioa dauka aurrez erosita, eta 25 eurokoa egunean bertan txarteldegian erosten bada, areto bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

Reggae musikan eta jamaikar doinuetan izen handienetarikoa da The Skatalites, handiak bezain esanguratsuak 47 urteko ibilbidearen ondoren. 1963an sortua, taldea gerora etorri diren estilo ezberdinen aintzindaria izan da, besteak beste, ska, regga, dub edo ragga doinuak.

Taldekide ezberdinen esperientzia garrantzitsua izan da jamaikar musikan jazz edo rhythm and blues moduko estiloak sartzeko. Karibear jatorriko jazz ukitua, abesti finak eta zuzeneko bizia duen taldeak goreneko lekua dauka jamaikar musikan. Euskal Herrian talde maitatua da The Skatalites, jarraitzaile ugari dituzte eta bere kontzertuak festa giroko ospakizun bat izaten dira.

Lester "Ska" Sterling (saxoa), Val Douglas (baxua), Kevin Batchelor (tronpeta), Trevor "Sparrow" Thompson (bateria), Azemebo Audu (saxoa), Andrae Murchison (tronboia), Natty Frenchie (gitarra), Cameron Greenlee (teklatua) eta Doreen Shaffer (ahotsa) dira The Skatalites.