The Sparteens, Bob Marley Eguna, Ama Say edota Txuma Murugarren igaroko dira otsailean Bilboko Kafe Antzokitik

Actualizado: lunes, 31 enero 2011 11:55

BILBO, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Kafe Antzokiak prest dauka hastear dagoen otsaileko egitaraua. Horrela, erritmo beroekin hasiko du hilabetea, otsailaren 3an Lapurdiko The Sparteens taldearen ye-ye guatekearekin. Halaber, Bob Marley oroituko du areto bilbotarrak, bere heriotzaren 30 urteak betetzen direnean, mundu osoan antolatu diren omenaldi ekitaldietako batean, otsailaren 4an, Jahsta reggae taldea, La Tribu Selektahs, Novato, Mad Muasel, Manny Lion eta Chete-ren partaidetzarekin, guztiak Jamaikako artista handia oroituz.

Areto bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez, otsailaren 10ean Ama Say eta Yakuzi talde bizkaitarrak izango dira protagonista; Ama Say taldeak, berriki agertokietara bueltatu ostean, "Ren Fan" disko berria aurkeztuko du. Hurrengo egunean, otsailak 11, Queen taldea gogoratuko du Dr. Queen bertsioen taldeak, eta otsailaren 12an heavyu soinuak nagusituko dira Tierra Santa errioxarrekin, "Caminos de fuego" disko berria aurkezten.

Otsailaren 16an Urbeltzen Dantza Ganbararen saio berri bat izango da, eta 17an Seiren eta Nahixan taldeak ariko dira, biek beren disko berriak aurkeztuz. Anje Duhalde bere taldearekin ariko da otsailaren 18an, urtarrilean Ondarroan izan zen bezala, zuzeneko diskoa grabatzeko bigarren saioan. Global Funk Festa izango da hilaren 19an, DJ DZ + Makala & Arka disko jartzaileekin, eta hurrengo egunean Muzzik musika eskolaren jaia ospatuko da.

Lagun Artean Kantari ariko dira Anje Duhalderekin otsailaren 23an, eta inauteri giroan sartuko da Kafe Antzokia egun berean, gai hori jorratuko duen Mikel Urbeltzen hitzaldiarekin. Txuma Murugarren izango da otsailaren 24an, "B aldeko kantuak" bere disko berria zuzenean aurkezten, eta hilaren 26an, Topaguneak antolatutako XXI. Mendeko Euskaldunon Elkarteak izeneko biltzarraren osteko bazkaria eta topaketa izango dira.

ONDARROA

Bestalde, Ondarroako Kafe Antzokian DJ gauarekin hasiko da otsaila, hilaren 4an, DJ Xuban eta DJ Koldo Loirarekin. Otsailaren 18an kontzertu berezia izango da: batetik Keu Agirretxea musikari ondarrutarrak bere azken lana aurkeztuko du, bestetik Ondarroako Garden taldea ere ariko da eta Taipeiko (Taiwan) Go Chic Electro-Pop taldeak ere joko du beren musika munduko beste puntatik ekarriz.

Otsailaren 25ean, "Akaziaren jokoa" antzezlana izango da ikusgai, eta biharamunean The Exploding Boys taldea ariko da, The Cure talde mitikoaren kantuak jotzen dituen taldea, hain zuzen. Azkenik, Euskal Herriko Mus Txapelketako Bizkaiko finala jokatuko da otsailaren 27an.