Tknikak eta Tecnaliak prestakuntza prozesua enpresen "benetako premietara" egokitzeko elkarrekin lan egingo dute

Bi erakundeetako arduradunak hitzarmena sinatzen
Foto: TKNIKA/TECNALIA
Actualizado: miércoles, 26 febrero 2014 13:56

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Tknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak eta Tecnalia Research & Innovation ikerketa aplikatuko zentroak elkarrekin lan egingo dute, etorkizuneko lanbideak identifikatzeko eta lanbide heziketa industria sarearen "benetako premietara modu optimoan" egokitzeko.

   Gaur gauzatu dute prestakuntza alorreko lankidetza bi erakundeek, hitzarmena sinatu baitute Tknikako zuzendari Iñaki Mujikak eta Tecnaliako zuzendari nagusi Joseba Jauregizarrek. Hitzarmenaren bidez, prestakuntza, ikerketa aplikatua eta Lanbide Heziketaren berrikuntza pedagogikoa eta teknologikoa hobetzeko plan zehatzak egin ahalko dituzte.

   Helburua da prestakuntza prozesua enpresen "benetako premietara" egokitzea; azken batean, "etorkizuneko lanbideak" identifikatzea eta prestakuntza ofizio haietan oinarritzea. Fabrikak eta fabrikazio prozesuak "oso bizkor ari dira aldatzen", eta, horrenbestez, "premiazkoa da fabrika horietako langile berrien profilak behar berrietara egokitzea", akordioaren sinatzaiuleek nabarmendu dutenez.

   Zehazki, Lanbide Heziketako 30.000 ikasle inguru baliatu ahalko dira urtero bi erakundeek elkarrekin egingo dituzten planetaz. Plan horietan sartzen dira Tecnalian praktikak egitea, Tknikako irakasleentzako ezagutzak eguneratzeko ikastaroak martxan jartzea Tecnaliako ikertzaileekin lankidetzan, eta maila guztietan (prestakuntza teorikoa, praktikoa eta prestakuntza metodoa) berrikuntzan oinarritutako prestakuntza modulu propioak ezartzea.

   Tecnaliaren helburua da "jakintza BPG bihurtzea" pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, enpresetan negozio aukerak sortuz. Horretarako, bere eguneroko jardunean, teknologia enpresa sarearen lehiakortasunerako tresna gisa erabiltzea sustatzen eta errazten du. Tknikarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, enpresek izan ditzaketen premiei aurre hartu nahi die Tecnaliak eta premia horietara egokitu Tknikak ematen duen prestakuntza.

BEREIZGARRI TEKNOLOGIKOA

   Akordioari esker, Tknikak bereizgarri teknologikoa lortuko du, hau da, aurrerapen teknologikoei aurre hartuko die ekoizpen teknologiek aurrera egiten duten prozesu bizkorraren aurrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriak bilakaera teknologikoak bere sektoreetan duen eraginari aurre hartzeko izango duen beharraren aurrean.

   Lankidetza horren esparruan, garapen ekonomiko eta sozialerako beharrezkoak diren ezagutzak eta teknologiak sortzeko eta transferitzeko jarduerak, proiektuak eta programak egingo dituzte bi erakundeek. Horrez gain, asmoa da zientziaren eta teknologiaren erabilera handitzea eta zuzenean ekoizpen-jardueretan aplikatzea.

   Tknika Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako zentroa da. Bere ardatza berrikuntza da, eta Euskadiko Lanbide Heziketa Europan aitzindari izateko lanean dihardu egunero.

   Tecnalia Research & Innovation estatuko ikerketa aplikatuko lehen zentro pribatua da, bai eta Europako nagusietako bat ere. 30 herrialde baino gehiagotako 1.400 bat aditu ditu, eta guztiek dihardute ezagutza BPG bihurtzeko ahaleginean, gizakion bizimodua hobetzeko, enpresentzat negozio aukerak sortuz.