Tokiko Erreformari buruzko Legea indarrean dela udalei jakinarazteko jardunaldia egin da Bilbon

Ibone Bengoetxea jardunaldia hasten
Foto: EUDEL
Actualizado: viernes, 10 enero 2014 13:36

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Eudel Euskadiko Udalen Elkartea zabalkunderako jardunaldi bat egiten ari da ostiral honetan, urtarrilaren 10ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, bereziki udal, mankomunitate, kuadrilla eta partzuergoetako teknikariei zuzenduta, 2014an indarrean sartu den Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasun Legearen eragin nagusien gaineko lehenengo hurbilketa egiteko asmoz. Saioan, alkateak, zinegotziak eta Euskadiko beste instituzio batzuetako langileak ari dira parte hartzen.

   Antolakuntzak jakinarazi duenez, jardunaldia 09:30ean hasi da, Eudelen elkarteburu Ibone Bengoetxearen hitzaldiarekin, eta Luciano Parejo, Francisco Velasco eta Rafael Jimenez katedradunen txostenekin jarraitu du; arau berriaren ardatz nagusiak izan dituzte hizpide, bai eta euskal esparruan izango dituen ondorioak ere.

   Izaera orokorreko lehenengo zabalkundearen ondoren (behin betiko testua onartu eta berehala), Eudelek Lege berriaren azterketa juridiko zehatza egingo du, Euskadiko tokiko erakundeen jarduera eremuetako bakoitzean izango dituen ondorioak aztertzeko.

   Espainiako Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioak egindako lehenengo iragarpenetik, 2012ko uztailetik, hain zuzen, 2014an indarrean sartu den arte, urte eta erdi iraun du tokiko administrazioa erreformatzeko arau berria izapidetzeko prozesuak. Halaber, edukiaren azterketa ere konplexua izan da, hainbat eta hainbat zirriborro egin eta, azkenean, testuan funtsezko aldaketak izan baitira.

   Euskadiko Udalen Elkartea 2012ko maiatzean egindako bilkuratik aritu izan da Lege honen azterketan eta jarraipenean lan egiten, proiektu legegilearen iragarpen ofiziala baino hilabete lehenagotik. Izapidetze epean, Eudelek hainbat lan batzorde antolatu ditu udaletako teknikari eta politikariekin, eta, ondoren, balorazioak eskumena duten erakunde guztiei bidali dizkie: Euskadiko tokiko erakundeei, Eusko Jaurlaritzari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiei, Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioari, Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioari (FEMP) eta Kongresuko nahiz Senatuko talde politikoei.