Tokiko merkataritza babesteko urteroko kanpaina abiaraziko du Jaurlaritzak abenduan

Kanpainaren irudietako bat
IREKIA
Actualizado: lunes, 30 noviembre 2015 15:09

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Tokiko merkataritzak ekonomikoki eta udalerrietako bizitzan euskal gizarteari eragiten dion onuraren inguruan kontzientziatzeko udazkenero martxan jartzen duen publizitate kanpaina abiaraziko du abenduan, "Bertako dendak, izen-abizenekin" goiburupean. Tradizioz kontsumitzaileen erosketa handiei lotutako sasoiaren aurretik gauzatzen da kanpaina, hau da, Gabonen eta urtarrileko merkealdiaren aurretik, eta batez ere bi helburu lortu nahi dira: batetik, erosketak aurrez aktibatzea, sektoreak eskatu moduan, eta, bestetik, gogoraraztea zein garrantzitsua den tokiko merkataritza babestea gastu handienen denboraldian.

   Horregatik, abenduaren 1etik 30era bitartean, kontsumitzaileei merkataritzako sektore horiek babesteko gonbita luzatuko die kanpainak, honako mezu honekin: "Bertako dendak, izen-abizenekin. Iratxeren altzari-denda, Aitorren okindegia, Lauraren zapata-denda... Bertako dendek izen berezia dute: hain zuzen, ahalegin handiz enplegua sortu eta gure kaleei bizi ematen dieten pertsonena. Tokiko merkataritzak zure laguntza behar du. Ez hutsik egin!".

   Kanpaina Euskadiko biztanle guztiei zuzenduta dago, eta publizitate bitarteko nagusienetara iritsiko da, hots, telebistara, prentsa idatzira eta on line prentsara, kanpoko publizitate euskarrietara eta irratira. Kanpaina xede den audientziaren %90era heltzen dela bermatu nahi da horrela.

   Telebistan 20 segundoko iragarki bat ematea aurreikusi dute, 570 alditik gora. Prentsa idatziaren kasuan, Euskadin argitaratzen diren euskarri guztietan agertuko dira iragarkiak, bai eta Estatuko egunkari nagusien eta kirol egunkarien Euskadiko argitalpenetan ere. Tokiko argitalpenen babesa ere badu kanpainak, eta 50 iragarki baino gehiago argitaratuko dira hedabide idatzietan.

   Bereziki erreparatu zaio hedabide digitaletan presentzia izateari: bai prentsaren edizio digitaletan eta sare sozialetan (YouTube eta Twitter, kasu), bai gailu mugikorretarako publizitatean. Bannerrak eta spotak erabiliko dira eta, aurreikuspenen arabera, 1.350.000 inprimatze egingo dira eta spota 115.000 aldiz bistaratuko da. Plangintza horrek gutxienez 10.700 klik sortuko ditu webean.

   Kanpainak kalean ere presentzia izango du, hortxe baitaude dinamizatu nahi diren saltokiak. Horretarako, Bilbo, Donostia eta Gasteizko garraiobideak eta garraio publikoko sare nagusiak daude. Kanpaina lau astez egongo da kalean ikusgai kokagune horietan.

   Irratiaren kasuan, kate nagusiak hautatu dira, hala irrati konbentzionalekoak nola gaikako musika irratiak, eta 20 segundoko publizitate kuñak planifikatu dira. Irrati etxe guztiak hartuta, 453 kuña emango dira orotara.