Topaguneak "Euskara aniztasunean" jardunaldia egingo du Durangon urtarrilaren 25ean

Actualizado: jueves, 13 enero 2011 16:51

BILBO, 13 Ene. (EUROPA PRESS) -

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak "Euskara aniztasunean" jardunaldia antolatu du urtarrilaren 25ean, Durangoko (Bizkaia) Landako Elkartegian. Helburu nagusia egungo testuinguru eleanitzean euskarak duen eta izan beharko lukeen tokiaz hausnartzea da, eta alor horretan garatzen ari diren esperientzien berri ere emango da. Izen-ematea dohainik egin daiteke hilaren 20ra arte.

Antolatzaileek adierazi dutenez, egoera soziolinguistikoa aldatu egin da, eta hizkuntza-aniztasun errealitate baten aurrean gaude. Horregatik, egoera horretan euskarak duen eta izan beharko lukeen tokiaz hausnarketa bultzatzea du helburu jardunaldiak. "Izan ere, gure herrietan bi hizkuntza egiten ziren denborak atzean geratu dira, eta hizkuntza ugari hitz egiten dira orain", azaldu dute.

Horrela, guztion arteko komunikazio eta kohesio-hizkuntza euskara ote den galderari erantzuten saiatuko dira jardunaldian, bai eta zein bide egin den norabide horretan eta zein bide berri jorratu beharko liratekeen ere.

Horretarako, maila akademiko handiko hizlariak, ikerketa berriak, martxan dauden esperientziak, norbanakoen bizipenak eta aurrera begirako estrategiak bilduko ditu jardunaldiak.

Sarrera doan izango da, eta izena emateko www.auzoko.topagunea.com web-orrian inprimakia bete behar da urtarrilaren 20a baino lehen. Bazkaria izango da 15 eurotan (izen-emate orrian zehaztapenak).