Topagunearen Laburbirak zortzi ikus-entzunezkoren 30 emanaldi eskainiko ditu

Laburbira 2012ren kartela
Foto: TOPAGUNEA
Actualizado: martes, 28 febrero 2012 13:42

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

   Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak martxan jarritako Laburbira zirkuituaren bederatzigarren edizioak iraupen laburreko zortzi ikus-entzunezko eramango ditu herriz herri eta guztira 30 emanaldi eskainiko ditu martxoaren 1etik apirilaren 3ra bitartean Euskal Herrian eta Paris, Madril zein Londresen. Emanaldien ondoren, ikusleek ikus-entzunezkoen egileekin solasteko aukera ere izango dute. Programazioak, lehen aldiz, galegozko film bat ere badu, euskarazko azpitituluekin.

   Topaguneak Donostian aurkeztu du astearte honetan Laburbira zirkuituaren edizio berria. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua urtero antolatzen du Topaguneak, herrietako euskara elkarteekin lankidetzan.

   Modu honetan, 2012ko Laburbirak 30 emanaldi eskainiko ditu. Gehienak Euskal Herriko herri eta hirietan izango dira, baina Madril, Londres eta Parisen ere izango dira proiekzioak. Saio bakoitzak 85 minutuko iraupena izango du, eta tarte horretan zortzi lan ikusteko aukera izango da.

   Alde batetik, 1961eko "Aberria" eskainiko du. Gotzon Elortzak zuzendutako dokumentala euskaraz egindako lehenengoetakoa da. Aberriaren inguruko hausnarketa aurkezten du, garaiko euskal kulturaren ikur ziren Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolarien eta Victor Olaeta dantzariaren eskutik.

   Bestetik, lehen aldiz Laburbiran, euskaraz ez den film bat ere sartu da programazioan: Xoxe Diazen "Instalación". Galizian eta galegoz egindako lana da; izan ere, edizio honetatik aurrera, Laburbirak urtero eskainiko bait egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren  batean sortutako lan bat, euskaraz azpidatzia, euskarazko produkzioarekin batera.

   Bi lan horiekin batera, Topaguneak sortutako Benito Ansola Bekekin 2011n ekoitzitako lehen bi lanak ere sartu dira egitarauan: Joseba Uberuagaren "Izena duena" 3D animaziozko ipuin laburra, eta Paul Urkijo eta David Zabalaren "Ohe azpiko zera", Espainiako Gerra Zibilean girotutako istorioa.

   Emanaldi bakoitzean eskainiko diren beste lau lanak Maialen Sarasuaren "Hemen nago", Jon Garañoren "Urrezko eraztuna", Gregorio Muroren "Zeinek gehiago iraun" eta Revolta Permanent taldearen "Kantuka" bideoklipa izango dira. Azken hori Topaguneak sustatzen duen Izarren Distira kultur programaren barruan ekoitzi da.

   Topagunek arduradunek adierazi dutenez, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela, formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: umorezko laburrak, serioagoak edo irudi errealekoak.

EUSKARAZKO PRODUKZIOA

   Egile zein ikus-entzuleentzat, Laburbira paregabeko aukera da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, eskaintza herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera.

   Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio batzuetan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute zuzeneko iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da eta.

   Topagunearen Laburbira egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien babesa du, eta 'Berria' egunkariaren laguntza.

   Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 euskara elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.