Trafiko Zuzendaritzaren erreskate garabiek A-8an izandako 608 gorabeheratan esku hartu zuen iaz

Garabi bat
IREKIA
Actualizado: miércoles, 2 marzo 2016 11:59

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren A-8 autobidean ibilgailuak premiaz erretiratzeko garabi arinen zerbitzuak 608 gorabeheratan esku hartu zuen 2015. urtean. Horietatik 272 istripuek eragindako gorabeherak izan ziren, eta beste 336 matxuren ondoriozkoak.

   Guztira izandako 608 kasuetatik 268tan, gidariek ezin izan zuten ibilgailua bide bazterrera eraman. Tankera honetako istripu batek sei kilometro luzeko auto ilarak sortzen ditu batez beste, eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak sustatutako zerbitzuak 1.608 kilometroko auto ilarak saihestea lortu du (268 istripu bider sei kilometro).

   "A-8 errepideko eguneko ibilgailu intentsitatea handia da, eta zirkulazioan arazoak eta eragozpenak eragiten duen istripu orok eragin zuzena du pertsona askorengan. Segurtasun Sailak antolatutako zerbitzu honek, trafikoa kudeatzeaz gain, milaka gidariren mugikortasuna errazten du, ilarak sortzea ekiditen duenez", azaldu du Trafikoko zuzendari Garbiñe Saez Molinuevok.

   Zerbitzua orain bost urte martxan jarri zenetik, 2.527 esku hartze egin dituzte garabiek. Matxuren ondoriozko esku hartzeak jarduera guztien %50 izan ziren lehen urtean, eta bigarrenean, %59. Goia hurrengo urtean lortu zuten (%59,5), eta laugarrenean %59ra jaitsi ziren. Azken urtean %55 izan ziren.

   Garabiak, gehienez lau, A-8 errepidean kokatzen dira, 110 (Basauri) eta 139 (Kantabriarekiko lurralde muga) kilometro-puntuen artean, A-8ren aipatutako tartean zein haren sarbideetan, bi noranzkoetan, istripuak dituzten automobilak erreskatatzeko. Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin adostuta, aldez aurretik erabakitzen ditu garabien kokalekuak: puntu estrategikoak dira, bi noranzkoetan bide tarte handiak barnean hartzen dituztenak.

   Halaber, erreskate garabi batek Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik esku hartzeko abisua jasotzen duenetik zerbitzua eman behar duen gune zehatzera iristen den arte, batez beste, 13 minutu igarotzen dira.

   Zerbitzuaren ohiko ordutegia 07:30etik 09:30era da goizez, eta 17:30etik 19:00etara arratsaldez, astelehenetik ostiralera. Edonola ere, ordutegi malgua da eta istripua izateko estatistikoki aukera handiagoak daudenean aldatu egiten da. Istripua izandako ibilgailuak zerbitzuaren enpresa esleipendunaren instalazioetara eramaten dituzte, eta, ondoren, ibilgailuaren laguntza partikularreko garabia joaten da bila.