Trapagarango (Bizkaia) udal liburutegia instalazio berrietara aldatzeko lanak burutzen ari da

Trapagarango udal liburutegi berria
TRAPAGARANGO UDALA
Actualizado: jueves, 17 marzo 2011 14:46

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Trapagarango (Bizkaia) udal liburutegiaren zerbitzua instalazio berrietara aldatzeko lanak burutzen ari da. Orain Olaso Jauregian dagoen udal liburutegiaren funtsak Jose Rufino Olaso kaleko 46an kokaturiko liburutegi berrira eraman behar direnez, martxoaren 11tik eten egin da liburuak mailegatzeko eta biltzeko zerbitzua. Liburutegiko langileak eta Trapagarango Udaleko Obra brigadakoak ari dira batera liburual tokiz aldatzen.

Liburuak lekuz aldatzeko oso antolakuntza zehatza jarraitu behar da, 11.000tik gora direlako, katalogaturiko materia guztiak ongi kokatuko badira. Liburutegian sartzen den liburu bakoitza sailkatu egiten da bere deskribapenaren arabera eta nazioarteko zenbaki bat ematen zaio -liburutegiko SHU (Sailkapen Hamartar Unibertsala)-, eta horren bidez jakiten da zein materiari dagokion.

Trapagarango Udaletik adierazi dutenez, liburuak mailegatu eta hartzeko zerbitzua denboraldi batez eten egin da, arazorik ez sortzeko leku-aldaketa lanetan. Izan ere, ezinbestekoa da horrela egitea materiala behar bezala erregistratu eta ordenatzeko.

Udaleko arduradunek uste dute hilabetean dena egongo dela prest udal liburutegi berrian. Material guztia ordenatua egongo da erabiltzaileek baliatu eta gozatu dezaten.

Trapagarangpo Udaleko Kultura Sailak uste du laster eman ahal izango dela zerbitzua instalazio berrietan, altzari guztiak muntatu eta gero, alegia. Ekipamendu berrian wifi gunea egongo da, bai eta umeentzako leku bat, txikienak irakurtzera zaletu daitezen, gazteentzako gune bat, irakurgela batekin eta aldizkari eta prentsa gune batekin, eta audio eta bideo espazio bat ere.