Trapagarango Udalak (Bizkaia) liburuak oparituko dizkie umeei irakurketa sustatzeko asmoz

Actualizado: viernes, 11 febrero 2011 17:16

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Trapagarango Udalak (Bizkaia) irakurketa bultzatu nahi du herriko umeen artean eta, hori dela eta, ipuinak oparituko dizkie. Ekimena 2004. urtean jaiotako umeei zuzenduta dago, hau da, gaur egun lehen hezkuntzako lehen mailan daudenei eta irakurtzen ikasten hasi direnei, Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Liburutegiak 123 gutun bidaliko ditu herriko umeen etxeetara, eta umeek gutuna eskuan joan beharko dira liburutegira euren oparien bila, astelehenetik ostiralera. Gutun horretan, gainera, inprimaki bat erantsiko da liburutegiko bazkide egin daitezen, oraindik bazkide ez direnak.

Bi ipuin emango zaizkie oparitan, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, txikitatik ohitu daitezen irakurtzera, "oso ohitura osasuntsua baita eta liburu on batek bere baitan, letraz letra, gordetzen duen handitasuna aurkitu dezaten", azaldu dute.

"Irakurtzeko ohitura haurtzarotik hartzen joateko modu bat da, bide horretatik areagotzeko ume guztiek duten harritzeko gaitasuna eta irudimena, ipuin batek haiengan iratzartzen dituen emozio guztien ondorioz", gaineratu dute.