Trenbidearen Euskal Museoa irekita dago berriro, Gabonetako atsedenaldiaren ondoren

Museoan ikusgai dagoen lokomotora bat
EUSKOTREN
Actualizado: viernes, 7 enero 2011 11:49

BILBO, 7 Ene. (EUROPA PRESS) -

EuskoTren sozietate publikoaren Trenbidearen Euskal Museoak gaur ireki ditu berriro ateak Gabonetako oporrak bukatu ondoren. Museoa 10:00etatik 13:30etara eta 15:00etatik 18:30etara egongo da irekita asteartetik larunbatetara, eta 10:30etatik 14:00etara igande eta jaiegunetan. Bestalde, urtarrilaren 20an itxita egongo da San Sebastian eguna dela eta.

Trenaren Euskal Museoa Azpeitiko (Gipuzkoa) Julian Elorza kaleko 8 zenbakian dago. Bere instalazioak bisitatuz gero, Euskadiko trenbidearen historia ezagutu ahal da, Industria Iraultza iritsi zen trenetatik hasi Bilboko metroaren unitate modernoetara. Antzinako tranbia elektrikoen funtzionamendua edo garraio publikoek gizartearen garapen iraunkorrean duten garrantzia ere ezagutu ahal dira.

Halaber, Europako tren bildumarik onenetakoa du, bertan era guztietako ibilgailuak daudela: lurrunezko tren-makinak, tranbiak, trolebusak, automotorrak eta era guztietako bagoiak. Gainera, makina-erremintari buruzko erakusketa ere badago, Urolako Trenbidearen tailer mekanikoaren bidez. Berau 1925. urtean ezarri zuten bezala kontserbatzen da; motor elektriko zaharrak bere 16 makinak funtzionarazten ditu polea, uhal eta lohiztatuen sistema konplexu baten bidez.

Halaber, munduko trenbideko erlojuen bilduma onenetako bat dauka museoak, geltokien nasetan zeuden esfera dotoreetatik hasi trenbideetako langileen poltsikoko ordulari klasikoetara. Trenbidean erabilitako uniformeen erakusketa ere bisita daiteke, XIX. mende bukaeratik AVE iritsi arte, Europan era honetan bakarra den bilduma baten bidez.

Azkenik, transformazio elektrikoko zentral zaharreko instalazio harrigarriak dadue ikusgai, zuzentzeko jatorrizko ekipoak barne, orain dela 100 urte zegoen teknologia modernoenaren isla direnak.

Informazio gehiago lor daiteke museoaren telefono zenbakiaren bidez (943 15 06 77) eta www.euskotren.es webgunean. Kontsultak egin daitezke 943 15 07 46 faxaren bidez edo museoa@euskotren.es posta elektrikoko helbidearen bitartez.