Turismo Gastronomikoaren III. Mundu Foroa Donostian ospatuko da maiatzean

Aurkezpenean izan diren arduradunak
BASQUE CULINARY CENTER
Actualizado: miércoles, 22 febrero 2017 14:40

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Munduko Turismo Erakundearen (MTE) Turismo Gastronomikoaren III. Mundu Foroa maiatzaren 8an eta 9an egingo da, Basque Culinary Centerren (BCC) egoitzan, Donostian. Sektorearen garapenean laguntzeko eta mundu osoko esperientziak partekatzeko plataforma bat izateko asmoz, topaketak gastronomia eta turismo arloetako "nazioarteko erreferenteak" bilduko ditu.

Foroaren aurkezpena asteazken honetan egin da, Donostian, MTEren, BCCren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren ordezkarien parte hartzearekin.

Bigarren aldiz egingo da foroa Donostian, lehenengoa ere bertan egin baitzen; bigarrena Liman egin zen, iaz. Aurten, foroa Donostiara itzuliko da -bi urtean behin bertan egingo da-, eta hala, indartzen ari den sektore honetako "munduko foku bihurtuko da". Oraingoan, foroaren haria turismo gastronomikoaren eta iraunkortasunaren arteko lotura izango da. Gai hori 2017ko Garapenerako Turismo Iraunkorraren Nazioarteko Urtearen barruan kokatuta dago.

"2017ko Garapenerako Turismo Iraunkorraren Nazioarteko Urtea aukera paregabea da, sektorean praktika arduratsuagoetaranzko pausoak emateko ez ezik, bere askotariko alderdiek, hau da, gastronomiak, kulturak, negozioetako turismoak, landa turismoak edo kirol turismoak, besteak beste,*turismoa arduratsuago izateko egin dezaketen ekarpena nabarmentzeko", adierazi du Yolanda Perdomo MTEren Kideen zuzendariak.

Aurkezpenean nabarmendu dute gastronomia eta turismoa elkar indartzen duten "aliatu naturalak" direla, eta Euskadi, Gipuzkoa eta Donostiarentzat "turismo gastronomikoa funtsezkoa" dela. Horrela, BCCrenko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegaren hitzetan, "turismo gastronomikoa hazten ari den fenomeno bat da eta gure helburua esperientziak partekatu, hausnartu, aztertu eta lan egiteko espazio bat sortzea da, turismoaren gastronomia arloa hobetzearren".

Hain zuzen ere, Euskadira bertako gastronomia ezagutzera etortzen den turistak egunean 102,50 euro gastatzen ditu. Eusko Jaurlaritzaren arabera, gainera, gastronomia da turistek Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) bisitatu ondoren nabarmentzen duten lehenengo gauza eta bisitariek eskualde hau helmuga gisa aukeratzeko bigarren arrazoia bihurtu da.

PARTE HARTZAILEAK

Turismo gastronomikoaren arloko nazioarteko hainbat adituk sektoreko azken joerei buruz eztabaidatuko dute eta kasu errealen azterketak partekatuko dituzte Donostian. Horrela, foroaren bidez, turismo sektoreak jakintzaren askotariko esparruetan gaur egun duen egoerari eta erronkei buruz eztabaidatu nahi da turismo gastronomikoaren arloko munduko aditu esanguratsuenekin, iraunkortasuna ardatz dela.

Landuko dituzten gaietako batzuk dira "lurretik mahairako" prozesuak, produktu jasangarrien garapena, arrakasta dakarten politika publikoak eta turismo gastronomikoaren onurak. Hori guztia, sektorearen garapen profesionala bultzatzeko, esperientziak elkartrukatzeko eta munduko jardunbide egokiak identifikatzeko asmoz.

Parte hartzaileen artean daude Ben Weyts Flandriako Mugikortasun, Herri Lan, Vlaamse Rand eta Animalien Ongizateko ministroa, Dave Randle WHALE Centerreko presidentea eta CEO eta Hego Floridako Unibertsitateko Turismo Iraunkorreko Programako irakaslea, Roberta Garibaldi CesTIT Turismo eta Lurraldearen Interpretazioko Ikasketa Zentroko zuzendaria, Anne-Mette Hjalager Hego Danimarkako Unibertsitateko irakaslea eta Octavi Bono Kataluniako Turismo Agentziako zuzendaria.

Hitzaldiak osatzeko tailer praktikoak egingo dira. Horien bitartez, foroaren parte hartzaileek Donostiako, Goierriko eta Gipuzkoako mendebalde eta ekialdeko kostaldeko turismo gastronomiko iraunkorreko proiektuak, Sagardoaren Ibilbidea eta Arabar Errioxa bisitatzeko eta ondoren horretaz eztabaidatzeko aukera izango dute.