Turismoak %5,9ko ekarpena egin zion 2014an EAEko ekonomiari

Turistak Bilbon
Europa Press
Actualizado: jueves, 11 febrero 2016 12:43

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 3.922 milioi euro gastatu ziren turismoan 2014. urtean, hau da, urte horretako Barne Produktu Gordinaren (BPG) %5,9, 2013an baino hamarren bat gehiago. 2010etik bost hamarren gehitu da turismoaren ekarpena EAEko ekonomiara, eta goia, 2014an jo zuen, Eustaten datuen arabera.

   Turismo hartzaileagatik izan da gehikuntza ia bere osotasunean, alegia, EAEn Espainiako Estatuko edo beste herrialde batzuetako pertsonek egindako gastuagatik. Multzo hori handituz joan da gastuaren osotasunean, 2014an %50,5era iritsiz; aurreneko aldiz handiagoa izan da gastuaren beste osagaiak baino. 2010etik 2014ra, turismo hartzailearen ekarpena %3,2 puntuz gehitu da.

   EAEn bizi diren turista eta txangolariek, enpresek eta euskal administrazio publikoek eginiko gastu turistikoa, hau da, gastu turistikoaren beste osagaiak, %49,5 izan zen 2014an, eta 2010etik aurrera pisua galduz joan da urtero.

   Gastu turistikoan, txangolariek egina nabarmendu da (bidaiariak ez du gaua etxetik kanpo egiten), bai EAEko egoiliarrena, bai Estatuko zein beste herrialde batzuetakoek egina.

   Halaber, EAEn azpimarragarria da kanporako turismoaren garrantzia (euskal hiritarren erkidegotik kanporako bidaia eta txangoak), hartzailearen (erkidegoan bizi ez direnen bidaia eta txangoak Euskadin zehar) aldean; horrek 2.172 milioi euroko defizita ekarri zuen 2014an, hau da, BPGren %3,2. 2010-2014 bitartean saldoa gutxitu egin da turismo hartzailearen goranzko dinamismoagatik.

LURRALDEAK

   EAEko hiru lurraldeetan hazi zen turismoaren garrantzi ekonomikoa 2014an. Zehazki, Bizkaian gastu osoaren %43,9 egin zen 2014an, Gipuzkoan %41,7, eta Araban %14,4. 2013ren aldean, Gipuzkoan %4,0ko gehikuntza izan zen, Bizkaian %2,6koa, eta Araban %2,2koa.

   Gipuzkoan izan da -batez ere Donostian eta kostaldean- turismo tradizio sendoena, baina urterik urte, Bizkaiak gero eta protagonismo handiagoa hartu du, gastuan igartzen delarik.

   Horrela, Gipuzkoan du oraindik ere turismoak pisurik handiena ekonomian, beste bi lurraldeen protagonismoa goranzkoa izan arren. Zehazki, 2014an, gastu turistikoa BPGren %7,4 izan zen Gipuzkoan (historiako gorena), %5,1 Bizkaian (historiako gorena ere), eta %5,2 Araban.