Turismoko emakume ekintzaileei buruzko jardunaldia egin da Berdintasunerako Gunean, Bilbon

Actualizado: viernes, 30 octubre 2015 14:55

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Turismoaren alorreko emakume ekintzaileei buruzko jardunaldia egin da ostiral honetan Berdintasunerako Gunearen barruan, Bilbon, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak eta Emakundek antolatuta. Parte hartzaileek arlo turistikoan ekintzaile izan diren emakumeak balioan jartzeko eta Praktika Egokiak partekatzeko eztabaida saioak egin dituzte, emakumeen lidergoa daukaten enpresa berritzaileen eraketa bultzatzeko helburuarekin.

   Antolakuntzak jakinarazi duenez, parte hartzaileen artean izan dira Itziar Epalza Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordea, Maribel Guerrero Orkestrako ikertzailea, María Saiz EHUko irakaslea, Matilde Elexpuru TISA S.A. enpresako zuzendari nagusia edota Itziar Sukia Mutrikuko Arbe hoteleko zuzendaria. Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendari nagusiak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak itxi dute jardunaldia.

   Abenduaren 18a arte ospatuko den 2015eko Berdintasunerako Guneak berdintasunaren inguruan ekintzak antolatuko dituzten 124 entitateren indarrak batzea lortu du "Gizartea aurrera doa berdintasunerantz. Ez dezagun atzera egin" izenburupean.

   Guztira, 144 ekintza daude iragarrita, Emakundek koordinatuta. Gunearen helburua hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da.