Txinatar Urte Berria Bilbon ere ospatuko da zenbait kultura jarduerekin

Urte berri txinatarra ospatuko dute Bilbon
Reuters
Actualizado: lunes, 8 febrero 2016 14:28

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Txinatar Institutuak "oso modu parte hartzailean" ospatu nahi du Txinatar Urte Berria eta egitarau berezia prestatu du datorren larunbaterako, otsailaren 13rako. Estreinatu berri den tximinoaren urteari ongietorria egiteko ekitaldiak Euskalduna jauregian izango dira, barruan zein kanpoaldean, eta leoiaren dantza, herensugearen haur desfilea eta txinako musika tradizionala entzuteko aukera egongo da.

   Kultura txinatarra bilbotarrei hurbiltzeko asmoz zenbait doako tailer ere eskainiko dira Euskalduna barruko areto batean. Horrela, helduek zein umeek kaligrafia txinatarreko tailer batean parte hartzeko aukera izango dute. Arte diziplina hori duela 2.000 urte baino gehiago praktikatzen da eta oso aintzatetsia da Txinan. Trazu pintzelkadak nola egin irakatsiko zaie eta kaligrafiaren funtsezko teknikak praktikatzeko aukera izango dute tinta txinatarra eta pintzelarekin.

   Halaber, Gaztetxoek kung fu pratikatu ahal izango dute eta txinatar txotxongilo bat sortu ere, txinatar itzalak nagusi dituen beste tailer batean. Horretan tximinoak eta dragoiak ez dira faltako.

   Bilboko Txinatar Institutuak jakinarazi duenez, tailerrak dohainik izango dira eta publiko orokorrari irekita egongo dira, 12:00etatik aurrera, baina parte hartzaile kopuru mugatua izango dute. Horregatik, parte hartu ahal izateko aurretik izena eman beharko da info@institutochinodebilbao.com posta elektronikora mezua idatziz osteguna baino lehen.