Txingudiko errugbi zelaia eta atletismo pistak Zubietara eramatea aztertzen ari dira erakundeak

Actualizado: jueves, 20 noviembre 2014 13:33

DONOSTIA, 20 Nov. (EUROPA PRESS) -

Txingudiko badiako batzorde politikoa bildu da gaur, azaroaren 20an, Irungo Plaiaundiko ekoetxean, Plaiaundi-Jaizubia padurak hobetzeko eta zabaltzeko aukerak eta Plaiaundin dauden errugbi zelaia eta atletismo pistak Zubietara eramateko proposamenak eta bideragarritasuna aztertzeko. Bi urteko epean horretarako pausorik ematen ez bada, beste aukera batzuk aztertuko dituzte.

"Anbizio handiko proiektua da eta Plaiaundiko padurak zabaltzen lagunduko du. Padurak eta badiako inguru osoa handitu egingo dira eta habitaten egoera hobetuko da. Bi urtean jarduerak hasterik ez badago, balizko beste kokaleku batzuk aztertuko ditugu, horien bila ari baikara", esan dute batzordekideek.

Txingudiko badiaren leheneratzerako eta konektibitaterako diagnosian oinarriturik, erakundeetako ordezkariek Plaiaundi-Jaizubia padurak hobetzeko eta zabaltzeko eta Natura 2000 Sareko Jaizkibel-Bidasoa espazioak lotzeko aukerak aztertu dituzte, bai eta Hendaia, Irun eta Hondarria eta Plaiaundi, Jaizubia eta Amute bizikletaz lotzeko eta errugbi zelaia eta atletismo pistak lekuz aldatzeko aukerak ere.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josean Galerak, Irungo alkate Jose Antonio Santanok, Hondarribiko alkate Aitor Kerejetak, Mendien foru zuzendari Roke Akizuk eta Ingurumeneko foru zuzendari Ainhoa Iraolak hartu dute parte bileran, besteak beste.