UEMA Eguna ospatuko da bihar Bergaran (Gipuzkoa)

Actualizado: viernes, 3 junio 2011 13:23

DONOSTIA, 3 Jun. (EUROPA PRESS) -

UEMA Eguna ospatuko da bihar, larunbata ekainak 4, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), Bergarako Udalak (Gipuzkoa) eta Jardun euskara elkarteak antolatuta, "Gure hizkuntzak har dezan arnas" goiburuarekin. Egun osoko egitaraua izango da, haur, gazte nahiz helduentzat.

Antolatzaileek dei egin diete bereziki Bergarako eta inguruko herrietako euskaldunei bihar Bergarara joan daitezen eta UEMA Eguneko ekintzetan parte har dezaten.

Aurtengo UEMA Egunean "euskarak arnasa hartzeko dituen tokiei" garrantzi berezia eman nahi izan diete antolatzaileek. "Euskarak Bergaran, Adunan, Aramaion eta Leitzan arnasa hartzen du, baita beste hainbat udalerritan ere, eta hori da UEMAk aldarrikatu nahi duena: euskararen arnasgune diren lekuak zaindu eta babestu egin behar dira" adierazi dute.

Horrela, jai izaera izango duen egunean hainbat ekintza izango dira. Goizeko 10:30etan hHitz gurutzatuen binakako lehiaketaren kanporaketak hasiko dira San Martin plazan, eta 11:00etan umeentzako jokoak zabalduko dira Ariznoa plazan.

Eguerdiko 12:30etan ekitaldi instituzionala egingo da, UEMAko lehendakariaren agurrarekin, San Martin plazan, eta handik kantu-jirari ekingo zaio, Euskal Kantuzaleen elkartearen laguntzaz. Arratsaldeko 13:00etan hitz gurutzatuen lehiaketako finala jokatuko da San Martin plazan.

Ondoren, 14:30etan, herri-bazkaria egingo da San Martin plazan, eta bazkalostean Kantuzaleen elkartekoek giroa animautko dute. Bazkaria 18 euro izango da nagusientzat (12 urtetik gorakoak) eta 10 euro umeentzat (12 urtetik beherakoak). Txartelak erosteko aukera izango duzue 94 627 91 95 telefonora deituta edo Bergarako ohiko tokietan.

Arratsaldeko 15:30etan umeentzako tailerrak hasiko dira Ariznoa plazan, eta 16:30etatik aurrera umeentzako jokoak izango dira. 18:00etan dantzaldia eskainiko du Erlaxi taldeak, eta gaueko 23:00etan kontzertua izango da gaztetxean.

UEMA 60 herrik osatzen dute gaur egun. Gipuzkoan, Azpeitia, Beizama, Aizarnazabal, Zestoa, Zumaia, Arama, Altzaga, Itsasondo, Gaintza, Zaldibia, Ezkio-Itxaso, Orio, Usurbil, Oiartzun, Aduna, Irura, Anoeta, Elduain, Leaburu-Txarama, Beluntza, Orexa, Gaztelu, Alegia, Ikaztegieta, Amezketa, Baliarrain, Altzo, Orendain, Lizartza, Bergara, Antzuola, Mutriku, Deba eta Elgeta.

Halaber, Araban, Aramaio dago; Bizkaian, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Berriatua, Atxondo, Mallabia, Izurtza, Otxandio, Artea, Gatika, Busturia, Ajangiz eta Muxika, eta Nafarroan, Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Bera, Etxalar, Etxarri-Aranatz, Goizueta, Larraun, Leitza eta Urdiain.