UEMAk eta 'Argia' astekariak euskarazko hedabideen irakurzaletasuna sustatuko dute

UEMAko lehendakari Maren Berastegi eta 'Argia'-ko Bego Zuza
Foto: ARGIA
Actualizado: jueves, 23 abril 2015 10:53

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta 'Argia' astekariak hitzarmena sinatu dute, herritarren artean euskarazko hedabideen irakurzaletasuna indartzeko eta aldizkaria ezagutarazteko helburuarekin. Horretarako, UEMAn dauden udalerrietan euskarazko prentsaren presentzia sustatzeko elkarlana abiaraziko dute, eta horrela, batetik, UEMAKo udalerrietan udalak kudeatzen dituen guneetan euskarazko prentsa eta 'Argia' aldizkariaren presentzia bermatuko da.

   Bi erakundeetako lehendakariek sinatu dute lankidetza hitzarmena: Bego Zuza Zabalegi Komunikazio Biziagoa S.A.L.-ko lehendakariak batetik, eta Maren Belastegi Guridi UEMAko lehendakariak bestetik.

   Ekimen honekin bat egin izana eskertzeko, UEMAko kide diren herrietako udal zein herritarrak, aldizkarira harpidetzen badira edo ekarpen ekonomikoren bat egiten badute ekainaren 30a aurretik, "Europako Herrien Mapa" ere jasoko dute. Udalen kasuan, gainera, honez gero harpidedun diren udal zein zerbitzuek ere izango dute argitalpena jasotzeko aukera aldizkariarekin harremanetan jarrita.

   'Argia' astekariko arduradunak adierazi duenez, bide berriak zabaltzen ari da azken hilabeteetan eta, hausnarketa estrategiko baten ondoren, bere jarduera ardazten duten balioak berriro definitu ditu: euskalduntasuna, feminismoa, memoria historikoa eta iraunkortasuna.

   "Herrigintza ikuspegiz ari gara beraz, eta gure baloreak dira gure balio. Euskarazko astekari nazional bakarra izanda, lurraldetasuna dugu oinarrizko ezaugarri. Euskal Herriaren imaginario kolektiboa elikatzen dugu, zazpi lurraldetako herritarrak jartzen ditugu elkarrizketan errealitate beraren bueltan", azaldu du.

   Horrela, euskaraz bizitzea bermatzeko, euskalgintzatik eta herrigintzatik oro har, "euskarazko komunikazioaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa" dela ziurtatu du, eta astekariak apustua egin du "Euskal Herri guztira zabaltzeko, harpidetzak egin eta gure komunitatea trinkotzeko".

   "Eta horretarako, bide lagun izan daitezkeen eragileekin elkarlana sakontzea berebiziko ikusten dugu. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, helburu horiek erdiesteko elkarlanerako eragile garrantzitsua izan daitekeela uste dugu. UEMA euskaraz bizi diren udalerrien bilgune den heinean, mundu mailan euskara normalizatzeko eragile garrantzitsuenetako bat da", esan du.