UEUk 15 ikastaro eskainiko ditu Eibarren, "inoiz baino anitzagoak"

Irati Iciarrek aurkeztu du Eibarreko eskaintza
UEU
Actualizado: viernes, 17 junio 2016 11:41

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 30 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu 44. Udako Ikastaroen baitan, eta horietatik erdia Eibarko Markeskoa jauregian egingo dira, ekainaren 22an hasita. Aurtengo goiburua "Anitza" da, udako ikastaroen "gai, formatu, toki eta pertsonen aberastasuna azpimarratzeko" asmoz. Dagoeneko matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean.

Eibarko udako eskaintzaren aurkezpenean Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak parte hartu du. Bere esanetan, "Anitza" da aurtengo udako ikastaroen leloa, "anitzak direlako UEUn lantzen diren gaiak eta biltzen diren pertsonak, anitzak eskaintzen ditugun formatuak eta tokiak, anitzak bertatik jasotzen ditugun jakintzak eta harremanak".

Iciarrek gogorarazi du UEUren udako ikastaroak jakintza eta aditu euskaldunen topagune direla, eta aurten ere helburu hori beteko dutela. "Udako Ikastaroen plaza ikasi, eztabaidatu, lan egin eta ideiak trukatzeko foro ezin hobea da, eta guztiok bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztet", esan du.

Kopuruei dagokienez, 23 ikastaro eta zazpi jardunaldi antolatu dira aurten. Azken urteetan 40 ikastaro antolatu izan ditu UEUk, baina aurten erabaki dute "eskaintza trinkotu eta optimizatzea". Horrela, 100 ikastaro proposamen jaso zituzten eta "aukeraketa egitea zaila izan da, jasotako ideiak oso onak izan direlako". 30 horietatik 15 Markeskoa jauregian izango dira, UEUren Ikastetxe Nagusian".

Iciarren esanetan, aurten hiru formatu desberdineko ikastaroak daude: Ikastaro espezializatuak: ikastaro hauek egiteko aurretik jakintza maila bat beharrezkoa da; Dibulgazioko ikastaroak: Interes orokorreko ikastaroak dira eta jakintza maila zehatzik ez da behar; eta Jardunaldiak.

Urtero bezala, beherapenak daude aurtengo udako ikastaroetan parte hartzeko. Zehazki, ikasle, langabe eta jubilatuen matrikuletan beherapenak eskaintzen ditu UEUk; ikasle, langabe eta erretiratu donostiarrek ere diru laguntzak dituzte; Bizkaiko unibertsitateko ikasle eta ikasle ohi langabeek matrikula, egoitza eta joan-etorria doan dute; Euskal Herriko hainbat udalek diru laguntzak emango dituzte beraien herritarrentzat (zerrenda guztia UEUren webgunean ikusgai dago).

Izena emateko epea jadanik irekita dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izango da matrikula. Informazioa jaso eta matrikula egiteko www.ueu.eus webgunera jo daiteke.