UEUk 18 ikastaro eskainiko ditu otsaila eta maiatza bitartean

Actualizado: jueves, 19 febrero 2015 13:13
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere udaberriko eskaintza aurkeztu du, on line eskaintzari garrantzi berezia emanez. Otsaila eta maiatza bitartean 18 ikastaro eskainiko ditu Eibarren, Gasteiz, Iruñea eta on line. Azken ikasturtean inoizko partaidetza handiena lortu dute.

   Modu honetan, etengabeko prestakuntzaren euskarazko eskaintza egonkortu egin du UEUk. Mari Karmen Menika UEUko Ikastetxe Nagusiko arduradunak azaldu duenez, "euskarazko erreferentzia akademikoa izan nahi du UEUk, eta horretarako, aurten, Eibarko, Iruñeko eta on line eskaintzaz gain, Gasteizen ere eskainiko ditugu ikastaroak Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean".

   Pasa den ikasturtetik, UEUk on line bidezko ikastaroen eskaintza zabaltzea erabaki du eta hori igarri daiteke udaberriko eskaintza honetan ere. On line ikastaroak ikaslego potentzial zabalago batengana iristeko aukera ematen du, eta denbora/lekua aldagaiak norberak erabakitzen ditu (etxetik egin daiteke norberak nahi duen orduan). Malgutasuna ematen du eguneroko bizitzarekin uztartzeko, eta Euskal Herritik kanpo bizi direnak ere euskaraz formatu daitezke.

   UEUren on line pedagogia eredua pertsonengan oinarritzen da, eta, e-learning eredu horretan, ikasleak dira ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ardatza eta baliabide teknologikoak pertsonen zerbitzurako garatzen dira. Baliabide teknologikoen atzean adituak daude, ikasleek irakasleekin harreman zuzena dute, eta irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesua gidatzen eta dinamizatzen dute, ikasleari ezagutza eraikitzeko bitartekoak eskainiz.

   Zehazki, on line eskainiko diren ikastaroak, "Euskal Herriko ekonomia eta gizartea azterketarako lanabesak. GIS librea", "Euskal Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan", "Moodle-ren oinarrizko erabilera", "Nola sortu eta saldu liburu elektronikoak" eta "Ordenagailuz lagundutako itzulpena: hainbat aukera" izango dira.

   Gainontzeko 13 ikastaroak hurrengoak izango dira: "Adierazmen fisikoa antzerki lanean" (Gasteiz), "Argazki-edizioa" (Eibar), "Argazkigintza dokumentala" (Gasteiz), "Coaching, talde lana eta lidergoa elkartegintzan" (Gasteiz), "Emozioak eta norberaren gaitasunen lanketa sakontzen" (Eibar), "Eskola libre eta demokratikoak: gizarte aldaketarako tresna eta gako" (Iruñea), "Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera" (Gasteiz), "Gazteak, sexua eta sare sozialak" (Iruñea), "Haur-psikologia: gaurko haurrak etorkizuneko helduak" (Eibar), "Zu irabazle, ni irabazle: gatazkak ikasgai bihurtuz" (Iruñea), "NoSQL datu.baseak. MongoDB" (Eibar), "Sendabelarrak eta etnobotanika Euskal Herrian: jakituria tradizionaletik pentsamendu zientifikora" (Eibar) eta "Zu irabazle, ni irabazle: Gatazkak ikasgai bihurtuz" (Iruñea).

HELBURUAK

   Eskaintza antolatzeko orduan, UEUk zenbait helburu izan ditu kontuan, hala nola gaurkotasuna duten gaiak eskaintzea, gizartean dauden premiei erantzutea, aurreko edizioetako ikastaro arrakastatsuei jarraipena ematea, interes orokorreko gaiak lantzea, kalitatezko eskaintza egitea eta euskarazko prestakuntzaren eskaintza zabaltzea Eibarren eta Debabarrenean.

   Hezkuntza testuinguru guztietako irakasle eta hezitzaileei, profesionalei eta interesa duen edonori zuzeduta daude ikastaroak. Eskaintza osatzeko orduan, UEUk kontuan izaten du bertara hurbiltzen den ikaslegoaren profila (pertsona heldua, 30-35 urte bitartekoa, unibertsitateko ikasketak egina dituena, lanean dabilena eta emakumea nagusiki), eta hein handi batean, sakontze eta eguneratze ikastaroak prestatu ditu udaberrirako.

   Gaur egungo krisi garaian, partaideen kopuruak behera egin zuen 2011-12 ikasturtean, baina pasa den ikasturtean datu horiek emendatzea lortu zuen UEUk, eta 2013-14 ikasturtean asko hobetu ditu, "inoizko emaitzarik onenak" lortuz.

   Bestalde, Eibar eta Elgoibargo udalek diru laguntzak ematen dituzte bertan erroldatutako herritarrentzat. Halaber, Gipuzkoako Aldundiak UEUren on line lerroa bultzatzen du eta, hori dela eta, on line ikastaroetan zein Eibarko ikastaroetan matrikulatzen diren gipuzkoarrek diru laguntza izango dute: prezio orokorraren %35 gehienez, beti ere udalaren aldetik laguntzarik ez duten gipuzkoarrentzat.

   Eibarko ikastaroak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza ikastaroak homologatzeko prozeduran onartutako ikastaroak dira.

   Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta ikastaro bakoitza hasi baino astebete lehenago amaituko da. Informazio gehiago jasotzeko edo matrikula egin nahi duenak bi bide ditu eskura: www.ueu.eus webgunea eta 943 82 14 26 telefonoa.